JACOBO CUETARA: “DERBI POLITA IZANEN DA ETA AFIZIOAREN BABESA EDUKITZEA ERE GARRANTZITSUA IZANEN DA GURETZAT”

2023/10/25
JACOBO CUETARA: “DERBI POLITA IZANEN DA ETA AFIZIOAREN BABESA EDUKITZEA ERE GARRANTZITSUA IZANEN DA GURETZAT”

Bidasoak Anaitasuna bisitatuko du ortzirale honetan (urriaren 27an) Iruñean

Bidasoak Helvetia Anaitasuna bisitatuko du ortzirale honetan (urriaren 27an) Iruñean, bi taldeen arteko derbia jokatzeko. 20:30ean paratua dute hitzordua eta partidu parekatua izatea espero dute bidasotarrek, ohiko moduan, partzial aunitzekin eta gorabeheratsua. Zaleei eskaintzeko ikuskizuna ederra izanen dela ere argi utzi dute Irungo taldeko jokalari eta entrenatzaileek.

Jacobo Cuetararen taldea partidurik galdu gabe ailegatuko da Anaitasuna kiroldegira. Dinamika onean dago taldea, eta “aurkari zaila” izanen dela argi utzi du entrenatzaileak. Hala ere, Anaitasunak ez ditu gauza erraz jarriko. Iruindarrak “ongi lehiatzen ari” direla ere jakinarazi du Cuetarak eta, beti gertatzen den moduan, “derbi zaila izanen da euren etxean. Neurketa entretenigarria izanen da, partzial aunitzekin eta emozioz beteriko finalarekin. Partidu luzeak izaten dira gure arteko derbiak, baina politak”.

Anaitasuna gainditzeko gakoa Bidasoaren defentsan egonen dela ere onartu du prestatzaileak: “Gu eroso gaude ongi defenditzen dugunean, partiduaren erritmoa kontuan hartu gabe. Honek ere lasaiago erasotzea ahalbidetzen digu eta ondorioz, errendimendu altuagoa izaten dugu”. Izan ere, iruindarrak erritmo handiarekin erasotzen dute eta defentsan ere, ongi dabiltza Cuetararen hitzetan.

Iruñeara Bidasoako zale aunitz hurbilduko direla aurreikusten da, eta hori bisitarientzat garrantzitsua izanen dela azpimarratu du entrenatzaileak. Izan ere, “etxetik kanpo hagitz garrantzitsua da gure zaleen babesa, bultzada sentitzeko eta puntuak batzeko”. Jacobo Cuetarak zale guztiak animatu nahi izan ditu Anaitasunara hurbiltzera eta derbi politaz gozatzera.

(Argazkia: Arrate Morales)