JACOBO CUETARA: “ARTALEKUREN BABESA BEHARKO DUGU”

2022/09/26
JACOBO CUETARA: “ARTALEKUREN BABESA BEHARKO DUGU”

Bidasoak bihar ekingo dio Europako Txapelketa Kolstad Håndball taldearen kontra jokatuko duen neurketarekin

Bidasoak Kolstad Håndball talde norbegiarra jaso beharko du bihar Artalekun, Europako Txapelketako kanporaketako joaneko neurketa jokatzeko. Jacobo Cuetara entrenatzaileak adierazi duenez, partida irabazteko bi gako izanen dira garrantzitsuenak: etxeko taldeak bere onena ematea eta zaleen babesa edukitzea. Norgehiagoka gaueko 20:45ean ospatuko da.

Bidasoako entrenatzaileak gaur goizeko prentsaurrekoan jakinarazi duenez, biharko Europako Txapelketako kanporaketa “zaila” izango da. Kolstad “arerio handia da, osoa, eta bere plantillan inbertsio handia egin duena”, onartu du Cuetarak. Hala ere, etxeko taldea ez da atzean geratuko eta aukerak badituztela ere azpimarratu du asturiarrak: “Ilusio handiarekin egingo diogu aurre neurketari. Borrokatuko dugu, aukerak baditugu eta”.

Prestatzaileak aipatu duen moduan, “kanporaketa honetan bi partidak irabaztea garrantzitsua izango da. Zaila da errenta handia ateratzea, baina ekintza bakoitzean pentsatu behar dugu eta horietan emaitzak lortzea”. Cuetarak, batez ere, bi gako azpimarratu ditu: “Neurketak bi gako garrantzitsu izango ditu. Guk gure mailarik onena ematea eta zaleen babesa edukitzea. Momentu handietako Artaleku behar dugu”.

Neurketa gogorra izango bada ere, Bidasoa prest dago bere indar guztia kantxan erakusteko eta hori egingo dute bihar, irailak 27, gaueko 20:45etik aitzinera.