JACOBO CUETARA: “ARTALEKUN SORTUKO DEN GIROAK ZAILTASUNA GEHITUKO DIO AURKARIARI”

2022/10/24
JACOBO CUETARA: “ARTALEKUN SORTUKO DEN GIROAK ZAILTASUNA GEHITUKO DIO AURKARIARI”

Bihar hasiko da EHFko Multzo Fasea eta Bidasoak Aguas Santas Milaneza jasoko du Artalekun 20:45ean

Bidasoak bihar emanen dio hasiera EHFko Multzo Faseari. Artalekun jokatuko dute lehen neurketa eta bertan jaso beharko dute Portugalgo Aguas Santas Milaneza taldea. Portugaldarrak beraien Ligako laugarren postuan daude kokatuta eta soilik bi partida galdu dituzte denboraldi honetan.

Jacobo Cuetarak aurretik erronka “motibagarri” bat duela aipatu du gaur goizeko prentsaurrekoan. Taldea “pozik dago fase berri honekin” eta gogoz ahalik eta emaitza onenak eskuratzeko. Hori egiteko bihar (urriak 25) izanen dute lehen aukera. Izan ere, Portugalgo Aguas Santas etorriko da Artalekura lehen jardunaldia jokatzera. “Harritu gaituen taldea izan da”, Cuetararen hitzetan, “laugarren doa Ligan eta Oporto gainditu du. Bi neurketa soilik galdu ditu eta beste zazpi irabazi”. Orokorrean, talde parekatua egokitu zaiela adierazi du entrenatzaileak eta “sorpresak” egon daitezkeela.

Hala ere, etxeko taldeak Artalekuren babesa jasoko du betiko moduan eta honek ere “aurkariaren joko zailduko” duela onartu du prestatzaileak. “Guk, talde moduan, gure lana egin beharko dugu, baina ziur Artalekuk lagunduko digula”, azpimarratu du Cuetarak.