Izoztuta geratu da Artaleku
BIDASOA: Rangel, Aldaba, Kauldi (6), Renaud (3), Salinas (1), Popovic (2), Redondo. Zubiria, Cavero, Vázquez, Crowley (4), Beltza, Nonó (5), Serrano (1), Azkue (5), Lancina (6).
VALLADOLID: Díaz, Fernández (5), Hernández (6), Serdio (5), Roberto Pérez (1), Viscovich (1), Rodríguez (1). César PéreZ, Diego Camino, López (2), González (1), Garza (1), Río (3), Martínez, Serrano (4), Miguel Camino (1).
MARKAGAILUA: 4-2, 7-4, 8-8, 9-11, 14-15, 16-17 (atsedenaldia); 17-20, 22-24, 24-25, 28-27, 32-30, 33-34.
Porrot mingarria jasan du Bidasoak Valladoliden aurkakoan. Garaipena laztantzetik, neurketa galtzera pasa da azken minutuan. Ordura arte, gorabehera handiko norgehiagoka izan da Artalekukoa. Lehen gola Valladolidek egin du, baina hurrengo minutuetan, abiadura bat gehiago eduki du etxeko taldeak. 7.minutuan hutsartea eskatu behar izan du kanpoko entrenatzaileak, 6-2ko emaitzarekin. Bost minutu beranduago, aldiz, Jacobo Cuétarak gelditu behar izan du lehia. Ezin izan du Valladoliden erreakzioa eten, 7-8koa sartu baitu ondoren. Lehen zatiaren bigarren erdian Gaztela-Leongo taldea izan da nagusi, eta hiru goleko abantaila ere eduki du. Azken txanpan Nonók besoa berotu du, eta desabantaila murritztu ahal izan du Bidasoak (16-17).
Bigarren zatiaren hasieran ere, Valladoliden erasoak gelditzeko zailtasun handiak eduki ditu talde bidasoarrak. 40.minutuan, ordea, 5-1ko defentsarekin probatu du Cuétarak, Kauldi aurreratuta. Gainera, Asier Zubiria atezaina ere bere ekarpena egiten hasi da, lehen zatian Rangelek maila kaskarra eman eta gero. Horiek horrela, aldea murriztuz joan da Bidasoa, 45.ean Lancinak markagailua berdindu duen arte (25-25). Behetik gora egin ondoren, agintea eskuratu du Bidasoak, eta bi goleko errentarekin sartu da azken bost minutuetan. Hala ere, ez du partida erabat apurtzerik lortu. Eta azken minutuan, 33-32koarekin Salinasek kanpora jaurti du baloia. Valladolidek penaltia lortu du hurrengo jokaldian, eta Diego Caminok 33-33koa jarri du. Gutxienez berdinketari eusteko eta garaipena lortzen ahalegintzeko azken erasoa eduki du Bidasoak, baina baloia galdu du, eta kontraerasoan, Jorge Serranok garaipena eman dio kanpoko taldeari (33-34).