Irungo Txirrindularitza Taldeak 2025eko denboraldiaren aurkezpena egin du

2025/02/13
Aurtengo denboraldian, ia 60 txirrindularik osatuko dute Irungo Txirrindularitza Taldea. Udal Musika Eskolako auditoriumean egindako aurkezpenean, klubeko txirrindulariak, ordezkariak, familiak, babesleak eta Irungo Udaleko ordezkariak izan ziren.
Irungo Txirrindularitza Taldeak 2025eko denboraldiaren aurkezpena egin du

Irungo Txirrindulari Taldeak 2025eko denboraldiaren aurkezpena egin zuen pasa den otsailaren 8an, Irungo Udal Musika Eskolako auditoriumean. Bertan elkartu ziren aurten lehiatuko diren ia 60 txirrindulari, klubeko ordezkariak, babesleak eta Irungo Udaleko ordezkariak ere. 

Edurne Izagirre klubeko ordezkariak jakinarazi duenez, “giro bikaina” sortu zen aurkezpenean. Alde batetik, “klubeko babesleak elkartu genituen: Dimaq, Iparmakina, Óptica Bidasoa, Katea Bike, Poliester Gabiria, Carrocerias Errota eta Cave des Routiers”. Hauen laguntzarik gabe klubak antolatzen dituen lasterketa guztiak ezin izanen liratekeela egin azpimarratu du Izagirrek. Honez gain, klubeko familikide sentitzen dituzten Juanma Garate eta Mikel Astarloza ere bertan izan ziren, txirrindulari gazteei animoak ematen. Iñaki Iturrioz ere bertaratu zen, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidentea. Azkenik, Cristina Laborda Irungo alkatea eta Borja Olazabal kirol zinegotzia hurbildu ziren bertara. 

Edonola ere, unerik garrantzitsuena aurten kluba osatzen duten ia 60 txirrindularien aurkezpena izan zen. “Denboraldia hasteko gogoz” daudela onartu zuen Izagirrek eta klubetik “hoberena opa” dietela. Dani Gomez klubeko presidenteak, bukatzeko, “2025 denboraldian klubak antolatuko dituen lasterketak zeintzuk izanen diren kontatu zuen”. Aurkezpenak eginda, lasterketek hartuko dute lekua Irungo txirrindularien denboraldian, eta beratn ahalik eta maila hoberena emanen dutela ziur daude.