IRUNDIK MUNDURA

2021/09/06
IRUNDIK MUNDURA

 Santiagotarrakeko palistak diren Nerea Garcia, Maialen Arsuaga eta Uxue Arsuaga, Munduko txapeldunorde eta hirugarren bilakatu dira asteburuan. 

Bidasoa ibaian zehar lehen paladak eman zituzten Santiagotarrakeko palistak lehiaketa internazionaletan ugaritu dira azken urteetan, denbora kontua zen horrelako berriak jasotzen hastea. Asteburuan zehar, Portugalgo Montemor o Velho hirian sprint modalitateko Munduko Txapelketa jokatu da eta Santiagotarrak Elkarteko hiru palistak domina kolkoratu dute. Nerea Garcia 23 urtez azpiko K2 200 metroetako txapeldunorde bilakatu zen eta Maialen eta Uxue Arsuaga ahizpek junior mailako K2 200 metroetan hirugarren bukatu zuten lasterketa. Emakumeak, gazteak eta langileak, eginiko sakrifizio guztiengatik, hori eta gehiago merezi dute.

Nerea Garciak Teresa Tiradorekin lehiatu zen eta Arsuagatarrak ahizpen arteko konexioa frogan jarri zuten. Bi bikoteak final-erdiak jokatuta A finalerako sailkatze zuzena eskuratu zuten eta determinazio berdinarekin finala lehiatu zuten. 200 metroetan akats gutxi egin daitezke, irteeraren unetik helmugaraino dena eman behar dute, eta hala egin zuten. Bi lasterketa oso estuetan, Nerea Garciak eta Teresa Tiradok bigarren egin zuten (38,41’’), lehenarekiko +0,28’’-ra; bestetik, Uxue eta Maialen Arsuaga hirugarren postuan helmugeratu ziren (40,00’’), lehen postuan bukatu zuten bikote hungariarrarekiko +1,51’’-ra.

Aitor Gorrotxategi 15. 23 urtez azpiko lehiaketan

Laugarren palista bat ere Portugalen ere izan zen. Aitor Gorrotxategik 23 urtez azpiko mailan parte hartu zuen eta lehiaketa gorabeheratsu batean, munduko 15. palista azkarrena bezala bukatu zuen bere jarduna. Final-erdietan A finalerako txartela ematen zion hirugarren postutik hurbil izan zen (+0,65’’), baina azken unean eskapo egin zion eta bosgarren postua erdietsirik B finala jokatu zuen.

Goizean lehiatzeko aurreikusita zegoen B finala lainoarengatik arratsaldera atzeratu zuen antolakuntzak. Egun osoan zehar lehiaketaren tentsioaren zama izan zuen soinean eta lehiatzeko ordua iritsi zenean, ez zen guztiz asebeteta geratu burututako lanarekin. Berriro ere, bosgarren bukatu zuen, orotara 15., helburu zuen 10.postutik urrun (+5,04’’).