IRUN HIRIA SARI NAGUSIA OSPATUKO DUTE JAIZUBIA ZALDIKETA ESKOLAN

2024/06/14
IRUN HIRIA SARI NAGUSIA OSPATUKO DUTE JAIZUBIA ZALDIKETA ESKOLAN

Ekainaren 15 eta 16an ospatuko da XXX. Irun Hiria Sari Nagusia Nagore Otañoren Oroimenezko txapelketa Jaizubian

San Pedro eta San Martzial besten egitarauaren barrenean, urtero bezala, Jaizubia Zaldiketa Eskolak Irun Hiria Sari Nagusia antolatu du ekainaren 15 eta 16rako. Aurtengoa XXX. edizioa izanen da eta, 2008tik egin den bezala, Nagore Otañoren oroimenez eginen den txapelketa da.

Irungo Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin antolatuko du aurten ere Jaizubia Zaldiketa Eskolak XXX. Irun Hiria Sari Nagusia Nagore Otañoren Oroimenezko txapelketa. San Pedro eta San Martzial besten egitarauaren barrenean kokatzen den hitzordua da eta ekainaren 15 eta 16an, larunbat eta igandean, ospatuko da klubaren instalakuntzetan.

Aurtengoan, egun zaldizko eta amazona baino gehiagok hartuko dute parte asteburuan, Aragoitik, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoako bertze hipika batzuetatik etorritako bikoteak hain zuzen ere. Pista nagusian lehiatuko dira, 9:00etatik hasita, eta hainbat altueretako jauziak eginen dituzte: 0,50 metrotik hasita 1,25 metroraino.

Proba gogorrak eta ikusgarriak izanen direla bermatu dute klubetik eta horregatik beragatik, jendea bertaratzera animatu du. Horretarako klubak ibilgailuentzako aparkalekuak jarriko dituela ziurtatu du, Txingudi Ikastolan eta Urdanibia Jauregiaren inguruan.

Irun Hiria Sari Nagusia ‘Nagore Otañoren Oroimenezkoa’

Irun Hiria Sari Nagusia ‘Nagore Otañoren Oroimenezkoa’ urtero ospatzen da ekainean, San Pedro eta San Martzial jaien egitarauaren barruan. Jaizubia Zaldiketa Eskolak 30 urte baino gehiago daramatza txapelketa hau antolatzen. 2007 urtera arte ‘San Martzial Derbia, Irun Hiria Sari Nagusia’ deitu zen, baina urte horretan Lasarteko hipodromoan Nagore Otaño zaldizkoak izandako istripuaren ondorioz, 2008an Irun Hiria Sari Nagusia ‘Nagore Otañoren Oroimenezkoa’ izena hartu zuen.