Irudek Bidasoa Irunek puntuak banatu ditu Benidorm taldearekin

2025/04/16
Irudek Bidasoa Irunek 27ra berdinduta bukatu zuen Benidormen kontra atzo ilunabarrean. Neurketa parekatua jokatu zuten bi taldeek eta tentsio handiko azken minutuak izan ziren bientzat ere. Talde horiaren defentsa erabakigarria izan zen azken jokaldietan, berdinketa mantetzeko eta jardunaldiko puntuak banatzeko.
Irudek Bidasoa Irunek puntuak banatu ditu Benidorm taldearekin
Servigroup Hoteles Benidorm 27
27 Irudek Bidasoa Irun

Irudek Bidasoa Irunek 27ra berdindu zuen atzo ilunabarrean Benidormekin. Partidu parekatua jokatu zuten bi taldeek eta behin-betiko emaitzean izan zuen islada horrek. Azken minutuak tentsio handikoak izan ziren eta talde horiaren defentsak eragin zuen markagailua berdinketan mantentzea, jardunaldiko puntuak bi taldeen artean banatuz. 

Erritmo biziarekin kantxaratu ziren bi taldeak atzo ilunabarrean Palau d´Esportsen. Erasoan eraginkorrak izan ziren biak ere eta gol trukean aritu ziren lehen ordu laurdenean, markagailua inoren alde erabakitzen ez zelarik. 9-9koa ezarria zuten lehen zatiaren erdialdean eta hortik aitzinera, defentsan sendo agertu ziren bai etxekoak, baita bisitariak ere, golak sartzea zailduz. Atsedenaldira bidean, talde horiak bere momenturik okerrena bizitu zuen erasoan eta hori ongi aprobetxatu zuen Benidormek aitzinetik jartzeko. 4-2ko partziala egin zuten etxekoek eta 14-13ko markagailua ezarri zuen lehen zatiaren bukaeran. Aitzinetik joan ziren aldageletara, nahiz eta alde txikiarekin. 

Bigarren zatian, hobe aritu zen Alex Mozasen taldea eta segidan lortu zuen 2-4ko partziala, berriz ere bere alde jartzeko partidua. 15 minuturen faltan, 20-22koa ezarria zuten markagailuan, baina hortik aitzinera, berriz ere zaildu zitzaion neurketa Bidasoari. Etxekoen atezainak lan ona egin zuen aurkariaren eraso erabakigarriak geldituz eta berriz ere parekotasuna ekarriz markagailura. Azken minutuan tentsio handikoak izan ziren, uneroro berdinketa erakusten zuelako emaitzak. Gol trukea etengakoa izan zen eta azken hiru minutuetara 27nako berdinketarekin ailegatu ziren bi taldeak. Hutsartea eskatu zuen momentu horretan Benidormeko entrenatzaileak. Atsedenaldi horren ondotik, Leo Macielek geldiketa erabakigarria egin zuen eta neurketa berdinketa horretan ia erabakita utzi zuen. Hurrengo jokaldian Bidasoaren erasoa gelditu zuen etxeko atezainak eta azkenekoan, Benidormen jokaldian, talde horiaren defentsa fin ibili zen haien erasoa geldituz. 

Horrela, 27-27ko berdinketarekin bukatu zen partidua, jardunaldikgo puntuak banatuz, modu justuan. Honen ondotik, neurketa garrantzitsua jokatuko du Bidasoak etxean, Artalekun. Heldu den larunbatean, apirilaren 19an, Granollers jasoko du talde horiak (21:00), sailkapeneko bigarren postua eskuratzeko pausu erabakigarria. Izan ere, momentu honetan, talde kataluniarrak talde horiak baino bi puntu gehiago ditu. Irabaziz gero, Bidasoak hauek harrapatuko lituzke, denboraldi honetako helburuak erdiesteko lehen pausua emanez.