IRUDEK Bidasoa Irunek jokatuko du hemendik aurrera Artalekun

2025/04/09
Hemendik aurrera IRUDEK Bidasoa Irun izena hartuko du eskubaloi taldeak. 1997an Elgorriagako txokolateen markarekin izandako lotura amaitu zenetik, aurreneko aldia da naming komertzial bat berreskuratzen duela. «Proiektua hazten jarraitzeko aurrerapauso garrantzitsua» dela azpimarratu du Gurutz Aginagalde presidenteak.
IRUDEK Bidasoa Irunek jokatuko du hemendik aurrera Artalekun

Egun historikotzat jo zuen atzokoa Bidasoa Kirol Elkarteak. Irudek, altuerako erorketen aurkako babes eta segurtasunerako enpresa da, baina Elgorriagako txokolateak bezain gozoa izango da Bidasoa eskubaloi taldearentzat. Enpresa honekin 2021ean sinatutako lankidetza hitzarmena berretsi egin zuten atzo, baita areagotu ere. Izan ere, denboraldi berrietarako Bidasoa Irun taldeak IRUDEK Bidasoa Irun izena hartuko du. Azken 28 urteetan lehen aldiz izen komertzial berria izango du taldeak, 1997an Elgorriagaren babesletza amaitu zenez geroztik.

Gurutz Aginagalde presidenteak klubaren proiektuan aurrerapauso garrantzitsua dela azpimarratu du. «Azken urteetan Irungo Udala eta Gipuzkoako erakundeen babesa ezinbestekoa izan da proiektu eusteko, baina urrats garrantzitsua egingo dugu enpresa baten naminga berreskuratzen», esan du taldeko jokalari guztiekin batera Adunan IRUDEK enpresak duen egoitzara egindako bisita instituzionalean. 

Tolosaldean egindako aurkezpenean, enpresa familiar bat dela nabarmendu dute, baina 50 herrialdetan presentzia duena, eta erorketen kontrako babes neurrietan eta lan-segurtasunerako soluzioen ekoizle nagusietako bat bilakatu da 1990ean sortu zenetik. Nazioarteko proiekzioa zabaltzen ari den honetan, Bidasoarekin bat egin eta «bidea elkarrekin egiteko konpromisoa» adierazi du Jesus Yeregui enpresako zuzendariak. Era berean, babesletza hitzarmena non-food sektoreko BUNZL enpresak osatzen duela argitu dute.