Irudek Bidasoa Irunek bertze bi puntu eskuratu ditu Guadalajaran
Irudek Bidasoa Irunek 29-35eko markagailuarekin irabazi zuen Guadalajararen kontra. Talde horiak hasieran zailtasunak izan bazituen ere, bigarren zati bikaina egin zuen eta jardunaldiko bi puntuak eskuratu zituen honela. Sailkapeneko hirugarren postuan dago momentu honetan, 31 punturekin, eta bihar bertan, apirilaren 15ean, Benidorm bisitatuko du Irungo taldeak (19:30).
Neruketa ez zen Bidasoaren alde hasi. Erasoan zailtasunak izan zituen talde horiak eta egoera hori aprobetxatu zuen Guadalajarak 5-2koa ezartzeko. Hala ere, talde bisitariak azkar erantzun zuen eta, denfentsan sendotasuna erakutsiz, aukerak sortu zituen markagailua 6ra berdintzeko. Indar bera baliatuta, eta Leo Macielek atean egin zuen lan paregabearen fruituak bilduz, 2-7ko partziala egin zuen Bidasoak aitzinetik jartzeko (8-13). Dinamika berean segitu zuten atsedenaldira bidean, eta Rodrigo Salinasen azken gol bati esker, 12-16koarekin bukatu zen lehen zatia.
Bigarren zatian erritmoa handitu zuten bi taldeek. Etxekoek markagailuko tartea murriztu nahi zuten eta hortan zinez saiatu ziren. Hiru golera jeitsi zuten aldea (19-22), baina honek ez zuen gehiegi iraun. Izan ere, Bidasoak defentsa sendotuta eta kontraeraso azkarrekin, berriz ere errenta handitzea lortu zuen. 1-5eko partziala egin zuen Alex Mozasen taldeak eta hamar minuturen faltan erabakita utzi zuen neurketa (20-26). Erritmo eta dimanika berarekin segitu zuen talde bisitariak eta aldea handituz joan zen, bederatzira handitu arte (23-32, 53. minutuan). Etxekoak emaitza hau leuntzen saiatu ziren azken minutuetan, baina dagoeneko horien alde zegoen guztiz partidua. Bigarren zati bikaina eginez, 29-35ko emaitzarekin irabazi zuen Bidasoak, jardunaldiko bi puntuak irabaziz.
Partiduak izan zuen bertze momentu garrantzitsua, Tito Diazen itzulera izan zen. Aurredenboraldian belaunean min hartutako jokalaria kantxara bueltatu zen lehen zatiko azken minutuetan, aurtengo denboraldiko lehen jokaldiak ere eginez. Garaipen honekin, eta berri on hauekin ere, Irudek Bidasoa Irun sailkapeneko hirugarren postuan kokatu da, 31 punturekin guztira. Atsedeneko ia tarterik gabe, talde horiak Benidorm bisitatuko beharko du bihar, apirilaren 15ean, 19:30ean.