Irudek Bidasoa Irunek Alemanian utzi zituen lehen puntuak
Irudek Bidasoa Irunek 28-27 galdu zuen atzo ilunabarrean Alemanian, MT Melsungen taldearen kontra. EHF European Leagueko final laurdenetako joaneko partidua jokatu zuten bi taldeek eta Final Fourrera sailkatzea irekia utzi dute itzulerako neurketarako. Horrela, heldu den asteartean (apirilaren 29an), Artalekun erabakiko da zein taldek lortzen duen hurrengo faserako txartela.
Neurketa parekatua jokatu zuten Melsungen eta Bidasoak atzo ilunabarrean Alemanian. Hasieratik nabaritu zen hori, nahiz eta bisitariak aitzina hartu hamargarren minutura bidean (3-4). Hala ere, baloi galera ugari eduki zituen hurrengo jokaldietan Alex Mozasen taldeak eta etxekoek, hori aprobetxatuta, euren alde jarri zuten markagailua (8-6). Talde horiak kikildu gabe segitu zuen jokoan, etxeko zaleen oihuei entzungor eginez. Bi minututan hiru gol sartuta, eta 2-4ko partziala eginez, 10nako berdinketa lortu zuen Bidasoak atsedenaldira bidean. Azken bortz minutuak gogorrak izan ziren bisitarientzat. Matheusek bi minutuko kanporaketa jaso zuen eta 2-0eko partziala ere egin zuten etxekoek. Asier Nietok eta Esteban Salinasek gol banarekin erantzun zuten, baina Melsungenek 7 metroko jaurtiketa batean asmatuz bukatu zen lehen zatia, 15-13ko markagailuarekin.
Aldageletatik bueltan, ezin hobe kantxaratu zen Bidasoa eta 0-6ko partziala lortu zuen, lau goleko abantaila lortuz (15-19). Ordu laurdena pasatuta, hiru goleko abantailarekin segitzen zuen Alex Mozasen taldeak, sinetsirik garaipena posible zela. Hala ere, etxekoek defentsa maila gio zuten eta bisitarien erasoak zaildu. Neurketa berriz ere parekatu zen eta tentsio handiko azken hamar minutuak jokatu zituzten bi taldeek. Gol bakarrera hurbildu zen Melsungen (24-25, 53. minutuan). Hurrengo jokaldian Jevtic izan zen kanporatua, bi minutuz, eta honek min egin zion talde horiari. Etxekoek aukera aprobetxatu zuten aitzinetik jartzeko eta 4-0eko partzialarekin, 28-26koa ezarri zuten azken bost minuturen faltan. Azken jokaldian, Rodrigo Salinasek gol batekin erantzun zuen, emaitza ia-ia berdinduz eta 28-27koa lortuta, gol bakarreko aldearekin bukatu zen neurketa.
Bidasoa porrotarekin bueltatu zen Irunera, baina irekita utzi zuten Final Fourrera sailkatzeko aukera. Gol bakarreko aldea edukita, Artalekun erabakiko da txartela zein taldek eskuratzen duen. Bi taldeak berriz ere aurrez aurre izanen baitira heldu den asteartean, apirilaren 29an, Irunen, EHF European Leagueko final laurdenetako itzulerako partidua jokatzeko (20:45).