IPARRALDEKO ZALEEK GAURTIK AITZINERA EROS DITZAKETE EUROPAKO ABONUAK

2022/10/19
IPARRALDEKO ZALEEK GAURTIK AITZINERA EROS DITZAKETE EUROPAKO ABONUAK

EHF-ko Multzo Faseko lehen neurketa urriaren 25ean ospatuko da Artalekun, Aguas Santas Milaneza taldearen kontra

EHF-ko Multzo Faseko neurketak urriaren 25etik aitzinera ospatuko dira, eta egun horretan jokatuko da lehena Artalekun ere. Bidasoak Portugalgo Aguas Santas Milaneza taldea jasoko du arratsalde horretan eta klubak dagoeneko salgai jarri ditu partidu hauek ikusteko sarreren abonuak. Gainera, Iparraldeko zaleek ere abonu hauek erosteko aukera izanen dute gaurtik aitzinera.

Bidasoa Klubak jakinarazi duenez, “Iparraldetik eskaera dexente” jaso dituzte azken asteetan Europako neurketak ikusteko sarrerak erosi ahal izateko. Batez ere, Urruñatik etorri dira eskaera horiek, izan ere, Bidasoako jokalaria den Tao Gey-Emparan bertakoa da eta beraz, urruñarra animatzera hurbildu nahi dute bertako zaleek. Horrela, Bidasoak gaurtik aitzinera salgai jarriko ditu abonuak Iparraldekoentzat eta hauek, behin sarrerak erosita, PDF bat jasoko dute beraien helbide elektronikoan neurketa bakoitza ikusteko txartelarekin.

Gainera, bazkide ez diren bertze zaleek ere aste bukaeran erosi ahal izanen dute lehen neurketa hau ikusteko sarrera. Portugaldarren aurkako partida pasatuta, beste lau jardunaldietarako sarrerak salgai jarriko direla ere aipatu dute klubetik.

(Argazkia: Arrate Morales)