Iñigo Vertiz arraunlaria: “Talde trinkoa osatu dugu”
Hondarribia Arraun Elkartearen historiako pasarte gogoangarria izango da 2015 denboraldia. San Miguel Ligan jaun eta jabe izan da Ama Guadalupekoa. Arraunlari gazteek aire freskoa eman diote traineruari. Baina beteranoen lana ere ezinbestekoa da. 35 urterekin, Hondarribiko ontzian esperientzia gehien duen arraunlarietako bat da Iñigo Vertiz. Historian zehar gehiago izan badira ere, gaur egun irundar bakarra da Ama Guadalupekoan.
Harrigarria da aurten lortzen ari zaretena.
Hala da. Bazirudien aurreko urtekoa hobetzea ezinezkoa izango zela. Oso urte ona izan zen. Liga irabazi genuen, eta bigarren izan ginen Kontxan. Joan den urteko emaitzak hobetzen ari gara aurten, eta Kontxa ona egiten baldin badugu, urte bikaina izango da.
Jardunaldi guztietan egiten ditu aldaketak Mikel Orbañanos entrenatzaileak. Baina ez da aldea nabaritzen. Nola da posible?
Oso talde trinkoa osatu dugu, homogeneoa. Pareko maila dugu hemeretzi arraunlariok. Horregatik ez da nabaritzen, estropada batetik bestera bospasei aldaketa egiten ditugun arren. Egia da aurreko urteetan eskifaia titularra finkoagoa zela. Hori, kanpoan gelditzen denarentzat, gogorra da, denok entrenatzen dugulako berdin. Aurten, aldiz, denok parte hartzen dugu, eta denok irabazten ditugu banderak.
Arraunlari gazteak sartzen ari dira, eta indartsu datoz gainera. Urtetako lanaren ondorioa da?
Bai, aurten Hondarribia B ontziak egin duen lana ikustea besterik ez dago. Zoriontzekoa da. Hondarribian gero eta gazte gehiago animatzen dira arraunean aritzera. Gainera, lehen traineruak uda ona egiten duenean, kopuruak gora egiten du nabarmen.
Ama Guadalupekoaz hitz egiterakoan, barneratuta duzuen arraunketa mota aipatzen da beti. Zer lortu nahi duzue eta nola lan-tzen duzue?
Urteen poderioz lortutako zerbait da. Mikel Orbañanos entrenatzaile hasi zenetik, arraunketa mota hori ezarriz joan da. Ideia da luze arraun egitea, pazientziarekin eta ito gabe. Ziklo batean sartzen gara, eta horri eusten diogu. Arraun elkarteko gazteak ere estilo hori barneratzen ari dira, lehen trainerura iristerakoan prest egon daitezen.
Kanpotik garaipenak eta ospakizunak ikusten dira. Baina zer nolako lana dago atzean, egunerokoan?
Urte kaskarragoak egin ditugunean ere, lana berdina izan da. Zailagoa, estropadetara joan eta zazpigarren edo zortzigarren geratuta, astea gogorragoa egiten baita. Hamaika hilabeteko lana da, astean sei edo zazpi aldiz entrenatzen dugu. Garaipenik gabe, udara luzea eta gogorra izaten da.
Santiagotarrak K.E.n hasi zinen arraunean. Nolatan?
Nik txikitan futbolean jokatzen nuen, baina ez nintzen oso trebea. Santiagotarretan lehengusina nuenez, udako ikastaro batean probatu nuen arrauna. Aulki mugikorrean hasi nintzen, eta gustuko dut oraindik ere. Dena den, garai hartan, Santiagotarren trainerua zeukan, beraz, nire helburua trainerura ailegatzea zen. Asko ikasi nuen Santiagon, arraunaz eta giza baloreez. Oso eskertuta nago.
Nola iritsi zinen Hondarribia Arraun Elkartera?
2002an zortzi mutil gelditu ginen senior mailan. Trainerua ateratzeko aukerarik ez zegoenez, donostiarrekin elkartu ginen. Donostia Arraun-Santiagotarrak taldea osatu genuen, eta Kontxan parte hartu genuen. 2003.urtea ere Irunen egin nuen, baina jendeak jarrai-tzeko asmorik ez zuela ikusita, Hondarribira joatea erabaki nuen. Jon Parra arraunlaria lehengusua nuen, eta Joseba Amunarriz patroia eskolako nire gelakide izandakoa da. Gainera, Gorka anaiarekin iritsi nintzen.
Ba al dago Hondarribia-Irun lehiarik?
Batzuetan adarra jotzen didate irundarra naizelako, baina ondo hartzen dut. Nik Hondarribian ikasi nuen, beraz, harreman estua izan dut beti bizilagunekin.
Hamabi denboraldi egin dituzu Hondarribian. Tartean, elkarteak azken hamarkadetan izan dituen urterik onenak harrapatu dituzu.
Nik argi daukat garrantzitsuena gozatzea dela. Santiagotarrak-en ere hala izan zen. Hondarribian, disfrutatzeaz gain, banderak, txapelketak eta ligak irabazi ditut. Zortea izan dut, azken urteotan oso talde onak izan dituelako Hondarribiak.
Kontxa dugu gainean. Faborito izango zarete.
Donostiako estropada oso berezia da. Hasteko sailkatu beharra dago. Tramitea da, baina gainditu beharra dago. Urduritasun asko izaten da, akats bat eginez gero, kanpoan gera zaitezkeelako. Aurten sasoian iritsiko gara, eta ilusio handia daukagu. Baina aurkariak ere oso onak dira, zaila izango da.
Noiz arte ikusten duzu zure burua arraunean aritzeko gai?
Udara nahiko saturatuta bukatzen dut beti. Nik bakarrik ez, familiak esfortzu handia egiten baitu. Lanarekin uztartzen dut arrauna. Beraz, familiarekin egoteko denbora gutxi izaten dut. Hala ere, denboraldia bukatuta, aste batzuk pasatzen direnean, gogoa sentitzen dut berriro. Arlo fisikoan ondo nabil oraingoz, ilusioa ere badut, baina familiarekin adostu beharko dut zer egin.