IÑIGO IDIAKEZ: “IDEIAK GARBI DITUGU, PLAN BAT DUGU ETA ONGI ATERATZEA ESPERO DUT”
Real Unionek Sabadell bisitatuko du bihar, otsailaren 24an, 16:00etan
Real Unionek bihar jokatuko du asteburuko jardunaldia, larunbatean (otsailaren 24an), 16:00etan. Sabadell izanen du aurkari, Nova Creu Alta zelaian, eta zaila izanen bada ere, talde txuribeltza prest dago hurrengo erronka honi aurre egiteko.
Iñigo Idiakez, Real Uniongo entrenatzailea, atera da gaur eguerdian prentsaren aitzinean, Sabadellek kontrako partiduaren atarikoan. Aurkariaz mintzatu da lehenbizi eta hasieran baino dinamika hobean dagoela jakinarazi du: “Hasieratik igoera lortzeko helburua zuen Sabadellek, baina denboraldia zaildu egin zaio. Hala ere, dinamika onean daude orain”. Honen aitzinean, beldurrik gabe doa talde txuribeltzak kataluniarren etxera: “Ongi egiten ari garena ongi egitera goaz, orain arte bezala, eta hiru puntuak irabazten saiatzera”.
Astean zeharreko lana ere “ona” izan dela aitortu du Idiakezek. “Ez naiz sistema aldatzekoa eta idea berarekin goaz Sabadellera. Aurkariak gauzak ongi egiten ditu eta gu baloiarekin egoteko helburuarekin atera behar gara zelaira, kontzentratuta. Gure armak aterako ditugu eta argi eduki behar dugu gai garela partidua ateratzeko eta protagonistak izateko”, gaineratu du.
Sabadellek behar-beharrezkoak ditu hiru puntuak eta horrek agian zaildu dezake Real Unionen lana. Edonola ere, “irabazteko ideiarekin” doaz euren zelaira eta horretarako “ideiak garbi ditugu, plan bat dugu eta ongi ateratzea espero dugu”, adierazi du entrenatzaileak.
Hamaikakoa egiterako orduan, jokalari batzuen falta izanen du Idiakezek. Unai Agirreri ebakuntza egin ondotik, deialditik kanpo egonen da. Alain Oyarzun ere ezin izanen da bertan egon, bost txartel dituelako, eta gauza bera Quique Riverorekin, atzoko entrenamenduan lesionatu baitzen. Hala ere, Tommy O´Reillyk bidaiatuko du eta han bertan ikusiko dute ea zelairatuko den ala ez.