IÑIGO IDIAKEZ: “EZ DUGU PRESIORIK, BAINA BAI ONGI EGITEAREN ARDURA”

2024/03/08
IÑIGO IDIAKEZ: “EZ DUGU PRESIORIK, BAINA BAI ONGI EGITEAREN ARDURA”

Real Unionek Rayo Majadahonda bisitatuko du bihar, arratsaldeko 16:00etan

Real Unionek bihar, martxoaren 9an, izanen du erronka berri bat. Asteburu honetan, Rayo Majadahonda bisitatuko du talde txuribeltzak Cerro del Espino zelaian, 16:00etan. Barça Atlètic-en kontra hutsera berdindu ondotik, Iñigo Idiakezen mutilek garaipena eskuratu nahi dute, hiru puntuak batu eta sailkapenean, leku eroso batean kokatzeko.

Iñigo Idiakezek aipatu bezala, Real Union beti ateratzen da zelaira hiru puntuak eskuratzera, baina asteburu honetan helburu hori pixkat bat argiago izanen dute txuribeltzek. Azken bost neurketetan ez du garaipenik lortu Idiakezen taldeak eta hilabete hau garrantzitsua izanen dela dio: “Hiru puntuak eskuratzeko ardura dugu. Hilabete hau garrantzitsua izanen da sailkapenera begira, honek erabakiko du zein izaten ahal den gure egoera denboraldi bukaeran. Hiru puntuak bueltan ekartzen saiatuko gara, jakinda zaila izanen dela. Ezin gara erlaxatu, dena eman behar dugu, hilabete hau gakoa izanen baita”.

Rayo Majadahonda sailkapeneko azken postuan dago kokatuta, baina entrenatzaileak onartu du aurkariak “ez duela postu hori merezi”. “Futbolean ongi jokatzen duen taldea da, goian estutzen dakiena. Ez dute beldurrik eta hiru puntuak eskuratzeko beharra dute”, gaineratu du. Hori baita talde madrildarraren ezaugarri nagusia momentu honetan, garaipena lortzeko beharretan daudela, azken postutik aldentzeko, eta horrek neurketa zailduko dio Real Unioni.

Horren aitzinean, talde txuribeltzak “%200a” eman behar duela argi du Idiakezek: “Ezin dugu pentsatu irabaztea erraza izanen dela. Jokalariek badakite zer egin behar duten, eta %200a emanen dute hori lortzeko. Indarra edukiko dugu eta, zalantzarik gabe, hiru puntuen bila aterako gara. “Presiorik gabe, baina maila mantentzeko ardurarekin, baita ongi jokatzeko ardurarekin”, aterako dira Cerro del Espino zelaira txuribeltzak, hiru puntuak eskuratzeko gai dela sinetsita.