IÑIGO IDIAKEZ: “ASTEA ONA IZAN DA ETA JOKALARI GUZTIAK PREST DAUDE ARITZEKO”
Real Unionek, urteko lehen garaipena erdietsi ondotik, Fuenlabrada bisitatuko du igande honetan (12:00)
Real Unionek Fuenlabrada bisitatuko du igande honetan, urtarrilaren 14an, Fernando Torres zelaian. Pasa den astean Sestao garaitu ondotik, taldea prest dagoela ziurtatu du Iñigo Idiakez entrenatzaileak, eta gogoz bertze hiru puntu etxera ekartzeko. Hala ere, ez da norgehiagoka erraza izanen, aurkaria talde sendoa delako. 12:00etan jokatuko da partidua eta, ordutegia onena ez bada ere, bi taldeak baldintzak beretan egonen direla eta aitzakirik ez dela izanen aipatu du prestatzaileak.
Iñigo Idiakez “gertatutako guztiarekin pozik” dagoela onartu du Fuenlabradaren kontrako partiduaren atariko izan den prentsaurrekoaren hasieran. “Dena oso azkar joan da, baina garaipen baten ondotik, taldeak ongi entrenatu du, ezin naiz kexatu”, gaineratu du. Horrez gain, igandeko neurketarako “gogoz” daudela azpimarratu du, izan ere, orain arte Real Unionek elkartasuna erakutsi dio entrenatzailea berriari eta horrekin Fuenlabradara joateko prest daudela ere ziurtatu dute.
Igande honetako aurkaria “arriskutsua” dela ere jakinarazi du Idiakezek: “Gol asko sartzen dituen taldea da. Oso sendoa da gainera, eta nahiz eta ez dituen jokalari izarrak, ongi antolatuta daude. Gauzak ongi egiten ari den taldea da”. Edonola ere, azken aldian ez du momenturik onena bizi Fuenlabradak, baina horrek ez du ezer erran nahi prestatzailearentzat: “Gu ere bolada txarrean geunden eta irabazi genuen. Ez diot arretarik jartzen horri. Partiduan egonen gara eta estutu eginen diegu”.
Hain zuzen ere, hori da Real Unionek egin beharko duena garaipena eskuratzeko, “kontzentratuta egon, plana argi eduki eta gauzak ongi egin”. Horretarako, entrenamendu saio onak egin dituzte astean zehar eta entrenatzailea ere pozik zegoen honekin. “Jokalari guztiak prest daude nik hamaikakoa aukeratzeko eta ongi entrenatu dute. Orain garrantzitsuena jokoaren dinamika da, eta gu bide onean gaude. Pasa den astean bezala jokatuz gero, hiru puntuak bueltan ekar ditzakegu”, erran du Idiakezek.
Eguerdiko 12:00etan jokatuko da partidua eta, ordutegi onena ez bada ere, prestatzaileak ez du aitzakirik jarri nahi izan. Aurkaria ere baldintza beretan ariko da eta jokalariak edozein eskenatokira egokitu beharko dira.