IÑIGO ESEVERRI: “GURE HELBURUETAKO BAT JENDEAK KALEAN KIROLA EGITEA DA”
2021/12/16
Bidasoa Atletiko Taldeak (BAT) beste urteetako Gabonetako Krosa berreskuratu du larunbat honetarakoBidasoa Atletiko Taldeak antolatuta, aurten ere Gabonetako Krosa ospatuko da larunbat honetan, abenduaren 18an. Lehengo urtean pandemia zela eta, ezin izan zen ospatu, eta elkarteak berriro ere berreskuratu nahi izan du. Betiko moduan, Irungo erdigunea zeharkatuko duen bost kilometroko lasterketa izango da, eta banaka zein taldeka parte hartu ahal izango da. Gainera helburu solidarioa izango duen krosa izango da, izan ere, banatzen diren dortsal bakoitzeko euro bat zuzenduko da DiabetesCero Fundaziora. Honen inguruan xehetasun gehiago ezagutzeko, Iñigo Eseverrirekin, BAT-eko zuzendariarekin, mintzatu ginen.Ze helbururekin antolatzen duzue proba hau?Lehendabiziko helburua proba bera egitea da, azken urtean ezin baitzen egin. Azken edizio 2019. urtean izan zen eta aurten helburua lasterketa berreskuratzea izan da. Oraindik ere Covid-aren eraginean gaude, baina lasterketa aurrera joango da.Bost kilometroko lasterketa izango da, zeinek har dezake parte bertan?Jende guztiarentzat irekia dago. Distantzia, bost kilometrokoa, nahiko erosoa da. Edozeinek egin dezake lasterketa. Baina normalean festa giroan jende askok egiten du, nahiz eta lasterketa ere baden eta korrikalari onek parte hartzen duten bertan.Banaka zein taldeka har daiteke parte, ezta?Bai, banakako sailkapenak egongo dira, bai neskentzat eta bai mutilentzat, eta gero taldekako beste hiru sailkapen ere egongo dira: neskena, mutilena eta talde mistoena.Aipatu duzun moduan, lasterketa hau lehiaketa bat da, baina modu ez lehiakorrean ere parte har dezake jendeak…Bai, gure helburuetako bat jendeak kalean kirola egitea da, festa giroan eta beste kirolari batzuekin batera. Garai batean San Silbestre antolatzen zen herri askotan, espiritu bera izaten ahal duen krosa da?Bai, hori da. Guretzat lasterketa hau Gabonetako hasiera da, Gabonetako giroan sartzeko. Egia da, orain dela urte asko BAT-ek antolatuta San Silbestre egiten zela Irunen, baina orain Hondarribian ere egiten da eta beraz, aurretik egiten dugu Gabonetako Krosa biak ospatu ahal izateko.Haurrentzat ere lasterketa bat egongo da…Bai, guretzat oso garrantzitsua da hau ere. Kategoria desberdinak ditugu haurrentzako lasterketan. Urte beteko haurrekin hasiko gara, hauek gurasoekin parte hartuko dute eta 100 metro besterik ez dira izango. Hortik aurrera, geroz eta handiagoak izan, distantzia ere handiagoa izango da. Zaharrenak alebinak izango dira, eta hauek 400 metro korrituko dituzte, hau da, lau buelta emango dizkiote 100 metroko zirkuituari. Helduen zirkuitua aldiz, nolakoa izango da?Helduena berriro ere neurtu dugu, zehazki bost kilometrokoa izan dadin. Kilometroro marka bat egongo da korrikalariek, momentu oro, jakin dezaten non dauden. Zirkuitua betikoa izango da, Kolon Pasealekuan hasiko da eta San Miguel auzora iritsiko da, gero berriro ere Kolon Pasealekutik bueltatzeko eta, Dunboa auzoan buelta emanda, Luis Marianora helmugaratzeko. Ibilbidea ez da erraza izango…Egia da bi malda daudela, bat Hondarribia kalean eta bestea, gogorrena dena, Dunboatik bueltan Nafarroa Ibilbidea igotzerakoan dagoena. Hori leku aproposa izaten da lasterkariak sailkatzeko, bost kilometro horietako une erabakigarriena baita. Sariak egongo dira lehendabiziko helmugaratzen diren horientzat, ezta?Bai, lehenengo hiruek izango dituzte sariak, eta gero Super Amaran erosteko txartelak ere oparituko zaizkie. Lehenengoak 200 euroko txartela jasoko du, bigarrenak 100 eurokoa eta hirugarrenak 50 eurokoa. Laugarren sailkatutik hamargarreraino berriz, garaikurra eskeiniko zaie. Beste aldetik, taldekako sailkapenean lehenengo hiruentzat lau pertsonendako otordu bat izango dute opari. Non eskura daitezke lasterketan parte hartzeko dortsalak?Alde batetik, online inskribatzeko aukera dago, kirolprobak.com webgunean, eta guk ere gure bulegoetan izen-emateak egiten ditugu. Bi leku hauetan inskribatzeko epea abenduak 17an, ostiralean, gaueko 21etan itxiko da. Gero probaren egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da.Covid-ak eragina izango du antolakuntzan, nola bideratu duzue hau? Neurri berezirik hartu ahal duzue?Guretzat garrantzitsuena lasterketa segurtasun neurri guztiekin egitea da. Badakigu asko dagoela jokoan eta horregatik, parte hartzen duen guztiari, baita ikustera hurbiltzen den guztiari ere, eskatzen diegu neurriak betetzea. Musukoa derrigorrezkoa izango da lasterketaren aurretik eta ondoren ere, eta oso garrantzitsua izango da jende pilaketak ekiditea. Honetarako, parte-hartzaileek jarraitzeko bide batzuk prestatu ditugu. Gainera, pandemia dela eta, gauza batzuk ezin izan ditugu antolatu, baina beste batzuk bai mantendu ditugula. Adibidez, txaranga bat egongo da girotzeko. Orokorrean jendea segurtasun guztiarekin hurbil dadin nahi dugu. Lasterketak ere bere alde solidarioa du…Bai, aurten partaide bakoitzeko euro bat Diabetes Cero Fundaziora zuzenduko dugu. Zein izango da lasterketen ordutegia?Txikien lasterketa arratsaldeko 15:30ean hasiko da, 16:30ak bitartean, eta helduena berriz, 16:45ean izango da. 17:30erako lasterketa amaituta egongo da, eta sari banaketa hasiko da. Babesleen laguntza izan duzue lasterketa antolatzeko orduan, ezta?Bai, lasterketako babesle nagusia Super Amara da, eta berak eskeinitako anoa emango dugu proba bukatzerakoan. Servos-en laguntza ere izan dugu eta, betiko moduan, Saltos-en bultzada. Haurren lasterketan berriz, babesle nagusia Laboral Kutxa izango da. Gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu denei beraien babesagatik.