Indarberrituta dator Erreleboen Lasterketa

2017/03/23
Indarberrituta dator Erreleboen Lasterketa

Inklusibitatearen alde egin du aurten Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak

Iazko atletismo agendako berritasun nagusiari jarraipena ematea erabaki du Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeak. Bigarren edizioa izango du aurten Errelebo Lasterketak. BATen ez dira, hala ere, funtzionatzen duenarekin konformatzekoak. Alde batetik, 2x2x3 miliako lasterketa gehitu diote iazkoari (4xmilia). Bestalde, atletismo egokituari leku zabala egin diote aurten. Martxoaren 26ko goizean zehar egingo dituzte lasterketak, Colon Ibilbideko zirkuituan.

Goiz oso hartuko du Errelebo Lasterketa izena hartu duen ekimenak. Atletismoaz harago joango da, gainera. Hori dela eta, asko dira, babesleez gainera, antolaketan parte hartu duten erakunde eta eragileak: Irungo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Adegi Gipuzkoako Enpresarien elkartea, Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartea, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Kemen pertsona ezinduen kirol kluba.

9:30etan izango da lehen hitzordua. Ttipi-ttapa adineko ibiltarien taldeak ibilbidea egingo du, lasterketen zirkuituan abiatuta. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoa arloak antolatzen du, eta 60 urtetik gorako gizon-emakumeei zuzendua da. Super Amara BATek, bitartean, egun horretako Igande Sasoi prestatuko du. Hilean behin, igande batez Colon Ibilbidea ixten du Irungo Udalak, haurrei zuzendutako kirol jarduerak eskaintzeko. Martxoaren 26an atletismoa izango da protagonista, BATek antolatuta. Altuera jauzia, xabalina jaurtiketa edota hesietako probak egin ahal izango dituzte bertaratzen diren haurrek.

“Enpresetan gero eta garrantzi handiagoa du kirolak, langileen osasunean duen eraginagatik”

Iñaki Iturrioz, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikaria

Lehen lasterketa 10:15ean izango da, iazko berdina: 4xmilia. Lauko taldeek parte hartuko dute, eta kide bakoitzak milia bat (1.609m) osatu beharko du, lagunari lekukoa pasa aurretik. Gizonezkoen taldeak, emakumezkoenak eta mistoak egongo dira. Talde arruntek parte hartu ahal izango dute, eta enpresetan osatutakoek ere bai. Enpresen parte hartzearen balorazio positiboa egin du Iñaki Iturrioz Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol teknikariak: “Pixkanaka ikusten ari gara enpresetan gero eta garrantzi handiagoa duela kirolak, langileen osasunean duen eraginagatik”.

Berritasun nagusiak

Iaz lasterketan parte hartu zutenetako batzuek, distantzia luzatzeko eskatu zieten antolatzaileei. Eskaerei erantzuteko asmoz, 2x2x3miliako lasterketa asmatu du BATek. 11:30etan izango da. Lauko taldeek parte hartuko dute, baina bikoteka eramango dute lekukoa. 3 milia osatuko beharko ditu bikote bakoitzak (5 kilometro inguru), lekukoa taldekideei pasa baino lehen. Zirkuitutik atera gabe egingo dute korrika, eta kategoriak ere, 4xmilia lasterketako berdinak izango dira.

“Aniztasun funtzionala duen jendeak herri lasterketa baten beroa sentitu ahal izateak balio handia du”

Igor Otaegi, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko presidentea

Bi lasterketetan, aniztasun funtzionala duten gizon-emakumeek parte hartu ahal izango dute aurten. “Gainerako parte hartzaileek bezala korrika egin ahal izango dute. Proba inklusiboa eskaini nahi dugu”, adierazi du Ibon Muñoz Super Amara BATeko kirol zuzendariak. Asmo horren balorazio baikorra egin du Igor Otaegi Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko presidenteak: “Aniztasun funtzionala duen jendeak herri lasterketa baten beroa sentitu ahal izateak balio handia du”.

Lasterketen artean, beste bi proba egongo dira. Alde batetik, kirol egokituko milia egingo dute, 11:00etan. Handbike-ean eta gurpil-aulkian aritzen direnen arteko lehia izango da. Muñozek azaldu du kasu horretan inklusiorik ez dagoela, segurtasun neurriengatik. “Ikusgarria izango da lasterketa”, aurreratu du, dena den, Otaegik. Haren ondotik, milia erdia egin ahal izango dute adimen urritasuna duten haurrek. Lagunak gonbida ditzaten eskatu du Otaegik, inklusioa “benetakoa” izan dadin.

Sariak eta izen-emateak

Sari banaketarekin amaituko da ekimena. Aurten, kategoria bakoitzeko irabazleek soilik jasoko dute. “Bestela, sari-banaketa amaigabea izango genuke”, argudiatu du Ibon Muñozek. Izen-emateak kirolprobak.com web gunean egin daitezke jada. Antolatzaileek nabarmendu dute korrikalarien poltsa bat osatuko dutela aurten, parte hartu nahi duen baina talderik ez duen jendearentzat. “Iaz era inprobisatuan elkartu genituen zenbait lagun. Aurten modu antolatuagoan egin nahi dugu”, argitu du Muñozek.

Korrikalari bakoitzeko 7 euro balio du 4xmilia lasterketako izen-emateak, eta 10 euro 2x2x3miliakoak. Bietan parte hartu nahi duenak, 14 euro ordaindu beharko du. Barnean daude asegurua, dortsala, kamiseta, lekukoa txip-arekin, janaria eta edaria, kontsigna, dutxak. Dortsalak egunean berean jaso ahal izango dira Zabaltza plazan, edo bezperan bestela, 10:30etatik 13:00era, Palmera Montero gizarte zentroan.