IÑAKI GOIKOETXEA: «URDURI DAUDE JOKALARIAK, BAINA PARTIDUA JOKATZEKO GOGOZ»

2023/04/21
IÑAKI GOIKOETXEA: «URDURI DAUDE JOKALARIAK, BAINA PARTIDUA JOKATZEKO GOGOZ»

Final baten antzera hartuko du Real Unionek bihar (19:00) Bilbao Athletic B taldearen kontra jokatuko duten neurketa

Real Unionek bihar, apirilaren 22an, hartuko du Bilbao Athletic B taldea Stadium Galen. 19:00etan hasiko da partidua eta Iñaki Goikoetxea entrenatzaileak onartu duenez, final baten antzera izanen da irundarrentzat, baita bilbotarrentzat ere. Bi taldeek egoera gogorra bizi dute denboraldiaren azken zati honetan eta garaipena behar-beharrezkoa dute.

Biharko norgehiagoka “ez da erraza” izanen, Iñaki Goikoetxearen hitzetan eta honen harira, “ez da erraza jakitea nola izango den, bai gure egoeragatik, baita beraien egoeragatik ere”. Bilbao Athletic B-k “maila mantentzeko aukera txiki bat” duela oraindik argitu du entrenatzaileak eta “horren bila” joanen direla seguru.

Aurkaria harrobiko taldea dela jakinda, “jokalari gazteak” direla azpimarratu du prestatzaileak eta “ongi lehiatzen ari diren heinean, ez dira utziko”. Hala ere, denboraldi honetan zehar zorte ona ez dutela izan ere adierazi du Goikoetxeak, baina edonola ere, “talde sendoa, gogorra eta oso azkarra” dela.

Honen aitzinean, “lasaitasuna” mantentzea gakoa izanen dela uste du entrenatzaileak, baita konfiantza edukitzea ere: “Momentua ez da erraza eta lasaiago dagoenak eta konfiantza gehiago duen taldeak eramango du garaipena”. Igandeko kolpea latza izan zela onartu du Goikoetxeak, baina astean zehar egindako lana hobera joan dela: “Igandeko kolpea gogorra izan zen eta astelehenean ez genuen burua entrenatzeko. Astearteko atsedenetik aurrera berriz, ongi egin dugu lan”.

Jokalariak “urduri” daudela ere erran du gaur goizeko prentsaurrekoan, baina “konfiantzarekin” ikusten dituela eta hori zelairatzeko prest egotea espero du Goikoetxeak. Izan ere, euren lana egin beharko dute bihar zurigorrien aitzinean, behar-beharrezkoa baituta txuribeltzek garaipena.