IÑAKI GOIKOETXEA: “NATURALTASUNEZ HARTU DUGU EGUNEROKOTASUNA ETA HORREK LAGUNDUKO DIGU BIHAR”
Entrenatzaile berriarekin ekinen dio bihar Real Unionek Barçaren kontrako partiduari
Real Unionek bihar jasoko du Barça B Stadium Galen, 19:00etan. Lehen partidua izanen da Iñaki Goikoetxearen agindupean eta berak adierazi duen moduan, “normaltasunez” eginen diote aurre hemendik aitzinera duten erronka gogorrari. Azken hamaika neurketa hauetan taldeak izanen duen helburua mailari eustea izanen da, baina entrenatzaile berriak erran duenez, “buruhausterik gabe”.
“Lasaitasuna” eta “normaltasuna” izan dira Iñaki Goikoetxeak gaurko prentsaurrekoan gehien errepikatu dituen hitzak. Real Unionek bigarren aldiz aldatu du entrenatzailez denboraldi honetan, eta horren ondotik, gelditzen diren azken hamaika neurketa hauetan, Goikoetxea izanen da lehen taldea zuzenduko duena. Berak aipatu duen moduan, “egoera ez da nahi genuena, baina inork ez ditu aukeratzen momentuak. Niri tokatu zait taldea hartzea eta erronka handia da, baina lasai nago”. Taldea ere “lasai” dagoela aipatu du entrenatzaile berriak, baita “gogoz ere”. “Erronka gogorra da aurretik duguna, baina gogotsu eta lasai gaude”, errepikatu du.
Sailkapeneko jeitsiera postuetan dago talde txuribeltza, “egoera larrian”, Goikoetxearen hitzetan: “Hamaika final gelditzen dira eta larunbatekoa lehenengoa izanen da”. Hala ere, erran bezala, “taldea lasai” ikusten duela aipatu du prestatzaileak eta entrenamenduak ere “ongi joaten ari direla”. “Naturaltasunez hartu dugu egunerokotasuna eta horrek lagunduko gaitu biharko partiduari bertze puntu batetik aurre egiteko”, jakinarazi du. “Irabazi edo galdu” bertze kontu bat izanen dela ere azpimarratzen du, baina “bederen lasaitasunarekin” hartuko dutela erronka.
Barça B-ren aitzinean maila emateko gakoaren inguruan ere aritu da Goikoetxea: “Baloiaren jabetza beraiek guk baino gehiago edukiko dute, hori badakigu. Oso jokalari onak dira, oso gazteak eta oso dinamikoak. Guk bizpahiru ñabarduna hartu ditugu kontuan eta horrekin ahalik eta goragoen aritzen saiatuko gara”. Gainera, “zaleei ere jaten eman” nahi dietela onartu du entrenatzaileak, euren babesa beharrezkoa baitute momentu hauetan. Horregatik, “denen artean poliki-poliki aurrera ateratzea da ideia”, erraten bukatu du debarrak.