ILCAPO HONDARRIBIAK FINALA JOKATUKO DU

2021/05/11
ILCAPO HONDARRIBIAK FINALA JOKATUKO DU
Ilcapo Hondarribia 33
28 Escolapios

Astebetean birritan mendean hartu du Escolapios talde bilbotarra eta 1. Maila Nazionalera igotzeko finala Zarautzen kontra jokatuko du.

Birritan eta aurrean zuen aurkariari aukerarik eman gabe sailkatu da Ilcapo Hondarribia Euskadi Senior Ligako igoera faseko finalean. Asteazkenean, joaneko neurketa jokatu zuen talde hondarribitarrak bilbon, bost goleko aldea eskuratu zuten (21-26) eta itzulikoan, Hondarribian, ez zuten barkatu. Nahiz eta atsedenaldira 17-17 berdinketarekin iritsi, Aitor Etxaburuk zuzentzen duen taldeak 33-28 garaitu zituzten bilbotarrak.

Bost goleko errenta erosoa zuen Ilcapo Hondarribiak, baina finalerdietan talde bat ezin da erlaxatu eta gutxiago talde bizkaitarra aurrean duzunean. Oso bizi eta berdintsu hasi zen neurketa. Escolapiosek neurketako hastapenetan Ilcapo Hondarribia urduritasunarekin jokatu nahi zuen (8-9, 15.minutuan), baina Bidasoaren harrobiko taldeak sendo erantzun zien talde bilbotarraren eraso bakoitzari. Bost goleko errenta era erosoan kudeatu zuen etxeko taldeak eta Eneko Furundarenak azken segunduan eginiko golaren bitartez, lehen 30 minutuak 17-17 berdinketarekin bukatu ziren.

Escolapiosek geroz eta denbora gutxiago zuen neurketa eta kanporaketa iraultzeko; Ilcapo Hondarribiak, aldiz, bikain ekin zion bigarren zatiari eta bilbotarren esperantza guztiak zapuztu zituen. Tantaka-tantaka, markagailua handitzen joan ziren. Lehendabizi, bi goleko errenta lortu zuten (22-20, 40.minutuan); ondoren, laukoa (25-21 45.minutuan), eta azkenean, 33-28 garaitu zuten. Azken minutuetan, Ilcapo Hondarribiaren minutu onenak ikusi ziren, jokalariak disfrutatzen hasi eta presio oro gainetik kendu zuten.

7 gol eskuratu zituelarik, norgehiagokako jokalari erabakigarriena Hugo Martiarena izan zen. Eneko Furundarenak eta Mikel Galanek bosna gol erdietsi zituzten eta Gorka Nietok zein Markel Martinek 4 egin zituzten.

Gauzak horrela, denboraldian zehar neurketa bakar bat ere galdu gabe Euskadiko Senior Ligako finalean sartu da Ilcapo Hondarribia. Aurrean, beste talde gipuzkoarra izango du: Txikipolit Zarautz Eskubaloi Elkartea. Bidasotarren eta Zarauztarren arteko derbiak beti dira lehiakorrak, datorrena finala izanik, ez da gutxiagorako izango. Neurketa batek erabakiko du Ilcapo Hondarribiak 1.Maila Nazionalerako borrokan segituko duen ala ez.