ILCAPO HONDARRIBIA EUSKADIKO SENIOR LIGAKO TXAPELDUN

2021/05/24
ILCAPO HONDARRIBIA EUSKADIKO SENIOR LIGAKO TXAPELDUN
Ilcapo Hondarribia 32
24 Txikipolit Zarautz

Hondarribiko Ondartza Kiroldegian Txikipolit Zarautz taldearen aurka jokatu zuten finala eta Bidasoaren harrobiko taldea 32-24 nagusitu zen.

Denboraldian zehar neurketa bakar bat ere galdu gabe sailkatu zen Ilcapo Hondarribia Euskadiko Senior Ligako finalean, eta hori ere garaitzea erdietsi zuen. Gipuzkoako bi harrobi onenak aritu ziren nor baino nor gehiago, Bidasoaren harrobiko taldea Txikipolit Zarautz izan zuen finalean arerio. Biak ala biak, Lehen Maila Nazionalerako igoera fasean sailkatuta, talde bakar batek soilik garaitu zezakeen garaikurra, eta talde hori Ilcapo Hondarribia izan zen (32-24).

Hondarribiko Ondartza Kiroldegia izan zen Euskadiko Senior Ligako finalaren egoitza. Neurketa zirraragarri honen hastapeneko minutuak talde zarauztarrarentzat izan ziren; hain zuzen ere, partiduko lehen partzial nagusia Txikipolit Zarautzek eskuratu zuen (2-4). Helere, Ilcapo Hondarribiak une ahulei aurre egin eta defentsa lanean oinarrituta segituan irauli zuen markagailua. Hamargarren minututik aurrera, lau gol besterik ez zituen jaso eta erasoan 11 gauzatu zituen. Bidasoaren harrobiaren alde, 18-9 bukatu zen lehen zatia.

Bederatzi goleko abantailarekin, Ilcapo Hondarribiak finala kontrolpean zuen. Aitor Etxaburuk zuzentzen duen taldea defentsan lehen zatian bezain sendo airtu zen, Zarautzek ez zuen momentu bakar bat izan finala irabazi zezakeela sinisteko. Golegileei dagokienez, Eneko Furundarenak eta Asier Satrustegik bosna gol erdietsita eguneko asmatzaile nagusiak izan ziren. Horiei jarraiki, Martin Santanok eta Mikel Garaik 4 egin zituzten eta Gorka Nietok, Pablo Arruabarrenak eta Tao Gey-Emparanek hiru gol egin zituzten. Azkenean, 8 goleko aldearengatik mendean hartu zuen Ilcapo Hondarribiak Txikipolit Zarautz, 32-24, eta 2020-2021 denboraldiko Euskadiko Txapeldunak bilakatu ziren.

Ekainaren 3, 4 eta 5an Lehen Maila Nazionalerako igoera fasea.

Nahiz eta aurkariak eta egoitza ez ezagutu, Ilcapo Hondarribiaren denboraldia ez da amaitu. Ekainaren 4tik 6ra bitartean, Lehen Maila Nazionalerako igoera fasea jokatuko du. Euskadiko garaikurra lortuta eta denboraldia neurketa bakar bat ere galdu gabe, Bidasoaren harrobiko taldea bolada ezin hobean iritsiko da denboraldiko une erabakiorrera. Igoera lortzea ez da gauza xamurra izango, baina kalitatea soberan du Ilcapo Hondarribiak.