ILCAPO HONDARRIBIA ETA BIDASOA AURREZ AURRE EUSKAL KOPAN
Euskal Kopako finalerdiak jokatuko dira bihar Hondartzan eta bertan, Ilcapo Hondarribia eta Bidasoa arituko dira elkarren aurka
IlCapo Hondarribiak bihar hitzordu garrantzitsu eta berezi bat izango du arratsaldean. Izan ere, Euskal Kopako finalerdia jokatuko du Bidasoaren aurka, Hondartzan arratsaldeko 19:30ean.
Bidasoako harrobiko taldea Nazional mailako Open Cup Txapelketako finalerdietara iritsi da eta final handian egoteko, Bidasoa bera gainditu beharko du bihar elkarren aurka jokatu beharko duten partiduan. Neurketa berezia izango da, IlCapo Hondarribiako jokalari asko lehen taldearekin lanean ibili baitira denboraldi honetako azken zatian, lan ona betez gainera. Hala ere, Jacobo Cuetarak norgehiagoka honen atarian egindako prentsaurrekoan azaldu duen moduan, “gazte gehienak harrobiko taldearekin arituko dira kaltetuak izan ez daitezen. Taok bakarrik jokatuko du gurekin, jokalari batzuk minez baitaude eta gutxieneko kopuru bat behar dugu lehiakorrak izateko”.
Hain zuzen ere, Bidasoa “garaipena eskuratzera” aterako da bihar kantxara Cuetarak onartu duenez, nahiz eta badakien aurrean izango dituen jokalariek maila ona dutela: “Oso ondo aritzen den talde bat da. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, beraien jokalari batzuk gurekin jokatu baitute aurten. Hala ere, irabazi behar dugu, partidu hau larunbaterako baliagarria izan daitekeelako”.
Bidasoako entrenatzaileak gainera, Ilcapo Hondarribiak aurten egin duen lana goraipatu nahi izan du, baita elkarren aurkako norgehiagoka hau berezia izango dela azpimarratu ere: “Euskal Kopan elkarlanean dabiltzan bi talde elkarren aurka egotea polita da. Beraientzat opari bat da eta gogoz daude gure kontra jokatzeko. Denboraldi ona egiten ari dira, hirugarren sailkatuak dira Lehen Maila Nazionalean, eta oso berezia izango da denontzat”.
Joseba Zabala Ilcapo Hondarribiako atezainak ere “oparitzat” kalifikatu du biharko neurketa eta gazteak beraiekin aritzeak jokoa parekatuko duela ere aurreikusi du: “Guretzat opari bat izan da Euskal Kopako finalerdietan Bidasoaren kontra jokatzea. Oso zaila izango da irabaztea, baina beraiekin aritu diren gure taldeko jokalari gehienak bueltan izango dira eta beraz, kantxan parekatuak egoteko aukera izango dugu. Hala ere, gure helburua ahalik eta gehien disfrutatzea izango da”.
Ilcapo Hondarribia eta Bidasoaren arteko neurketa berezi hau bihar arratsaldeko 19:30ean ospatuko da Hondartza kiroldegian, eta bertan erabakiko da zein talde egongo den Euskal Kopako final handian.