IKER AROZENA 23 URTEZ AZPIKO TXAPELDUNA ANTEQUERAN
Atleta hondarribitarrak Euskadiko errekorra eskuratu zuen, baita Europako minimoa ere
Antequeran ospatu zen Espainiako 23 urtez azpiko txapelketa eta bertan izan ziren Bidasoa Atletiko Taldeko sei kirolari. Emaitza onekin itzuli dira atleta guztiak etxera, batez ere, Iker Arozena. Hondarribitarra 23 urtez azpiko Espainiako txapelduna bilakatu da, Euskadiko errekorra eginez eta Europako minimoa ere eskuratuz.
Ezinhobe hasi dute denboraldia BATeko atletek. Lan ona egin dute azken txapelketetan eta horren adierazle izan da, pasa den asteburuan 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan lortutako emaitzak. Hain zuzen ere, lorpen azpimarragarriena Iker Arozenaren marka izan da. Atleta hondarribitarra Espainiako txapeldun izan zen Antequeran. Honez gain, Euskadiko errekorra egin zuen eta Europako minimoa ere lortu zuen. Arozenak 7,82 metroko jauzirik onena egin zuen eta honekin garaipen guzti horiek eskuratu zituen. Atleta forma bikainean dagoela erakutsi zuen eta, dagoeneko, otsailaren 18 eta 19an ospatuko den absolutua du begiz jota.
Bertzalde, Victoria Brisok laugarren postua eskuratu zuen Pentatloiean, guztira 3572 puntu batuz. Brisorentzat hau da bere marka pertsonalik onena eta forma ezinhobean dagoela ere erakutsi zuen Antequeran. Probei dagokionez, atletak 8,96 segundutan egin zuen 60 metroko hesi-lasterketan, 1,63 metro altuera jauzian, 10,52 metro pisu jaurtiketan, 5,42 metro luzera jauzian eta 2:34,10ko denbora 800 metroko lasterketan.
Goizane Garciak ere laugarren postua eskuratu zuen pisu jaurtiketan. Atletak 11,84 metroko jaurtiketa egin zuen eta laugarren postua eskuratzeaz gain, bere marka pertsonala ere hautsi zuen. Brontzezko domina lortzeko puntuan egon zen Garcia, azken bi jaurtiketen faltan. Azkenik, ez zen posible izan, baina merituzko txapelketa egin zuen.
200 metroko lasterketan ere lan ona egin zuten BATeko bi atletek, Angela Castellek eta Erik Fernandezek alegia. Finalerdietara pasatu ziren biak, Castell 25,48 segundu eginda eta Fernandez berriz, 22,17ko denborarekin. Finalerdietan berriz, ez zuten finaletara pasatzeko aukera eduki. Castellek 25,53 segundu egin zituen eta gutxigatik geratu zen finaletik kanpo. Fernandezek berriz, 22,31ko denbora egin zuen eta hau ez zen nahikoa izan finala jokatzeko. Hala ere, biek txapelketa bikaina egin zuten.
Azkenik, Aitor Fernandezen lana ere azpimarratzekoa izan zen. Proba konbinatuan bederatzigarren postua lortu zuen eta finala jokatzea ahalbidetzen zuten postuetatik oso hurbil geratu zen. Heptatloian 4643 puntu batu zituen guztira Fernandezek: 8,96 segundu (60 metroko hesi-lasterketan), 7,42 segundu (60 metroko lasterketan), 1,63 metro (altuera jauzian), 9,78 metro (pisu jaurtiketan), 2:34,10 minuto (800 metroko lasterketan).