II. ANAGAN KOPAKO HIRUGARREN FASEA JOKATUKO DA JAIZUBIA ZALDIKETA ESKOLAN

2024/05/09
II. ANAGAN KOPAKO HIRUGARREN FASEA JOKATUKO DA JAIZUBIA ZALDIKETA ESKOLAN
Maiatzaren 11n eta 12an jokatuko da Euskadiko Hipika Federazioak eta bertze lau klubek antolatutako hitzorduaII. Anagan Kopako hirugarren fasea jokatuko da asteburu honetan Irungo Jaizubia Zaldiketa Eskolan. Maiatzaren 11n eta 12an jokatuko da Euskadiko Hipika Federazioak eta bertze lau klubek antolatutako lehiaketa. Guztira, 6.000 euro banatuko dira eskudirutan eta maila bakoitzeko lehen sailkatuek ere opariak izanen dituzte. Estatu mailako zaldizko eta amazona onenak izanen dira bertan, sariarengatik borrokan.Euskadiko Hipika Federazioak eta Irun, Heras (Kantabria), Zizur (Nafarroa) eta Mungiako (Bizkaia) klubek elkarlanean antolatutako lehiaketa da Anagan Kopa. Aurten bigarrenez ospatzen ari dira eta, asteburu honetan, hirugarren fasea jokatuko da Irunen, bertako Jaizubia Zaldiketa Eskolan. Klubeko lehendakari Jose Antonio Niñok erran bezala, “180 irteera izango dira asteburuan eta parte-hartzaileen artean zaldizko profesionalak daude, hala nola Kevin González de Zárate (Espainiako Hipika Federazioaren 2024ko rankingean 11. zenbakian dagoena), Peio Elorduy (RFEHE rankingean 20. postuan), Rubén Gómez (RFEHE rankingean 42. postuan) edo Xabier Zabaleta besteak beste. Halaber, gazteen kategorietan punta-puntan dabiltzan zaldizko eta amazonak lehiatuko dira; baita, Jaizubia Zaldiketa Eskolako gazte-promesak, zein EAEko beste lekuetatik, Nafarroatik eta Kantabriatik etorritako gazte-promesak ere”. Xabier Berrotaran Irungo klubeko zuzendari teknikoak azpimarratu duenez, “estatu mailan indar handia duen Kopa da, eta parte-hartze handia du. Oso proba lehiakorrak eta ikusgarriak izaten dira. Izen handiko zaldizkoak eta etorkizuneko promesak gertutik ezagutzeko aukera ere eskaintzen dute, eta Irungo kluba ingurune pribilegiatu batean kokatuta egonik, asteburuaz gozatzeko plan erakargarria eskaintzen digu. Badirudi eguraldia ere lagun izango dugula, beraz, jendea kirol ikusgarri hau ikustera animatu nahiko genuke”. Larunbateko hitzordua 9:30ean hasiko da eta igandekoa berriz, 9:00etan. Altuera ezberdinetako jauziak izango dira, 0,50 metrotik 1,30 metrora eta gerturatzen direnen iritsiera errazteko, ibilgailuentzako aparkalekuak Txingudi Ikastolan eta Urdanibia Jauregiaren inguruan kokatuko dira.