Igor Emery: "Zelaiak eta instalakuntza berriak behar ditugu bailaran eta gu prest gaude inbertsioa egiteko"
Real Uniongo lehen taldea Hendaiako Beltzeniako Bixente Lizarazu zelaian entrenatzen hasi da aste honetan. Hendaiako herriko etxearekin eta Les Englantins klubarekin sinatutako akordio baten harira izan da hori. Izan ere, talde txuribeltzak Stadium Galeko belar naturaleko zelaia soilik neurketa ofizialetarako utzi nahi izan du eta, Irunen horrelako ezaugarriak dituen bertze zelai baten faltan, Hendaiara jo du bere entrenamenduak Bixente Lizarazun egiteko. Ordainetan, klub irundarrak zelaia mantenduko dio Les Englantis-i eta laguntza eskainiko dio, bidenabar, Hendaiako herriko etxeari, Igor Emery Real Uniongo Administrazio Kontseiluko presidenteak azaldu bezala. Hasiera batean, astean behin entrenatuko dute bertan Mikel Llorenteren mutilek, baina asmoa entrenamendu horiek hirukoiztea izanen da.
Lehen taldearen inguruan ere aritu da Emery, denboraldi hasiera baloratzen. Lehen jardunaldi on batzuen ondotik, Tarazonaren kontrako partidua izan da taldearentzat bidean aurkitu duen harri koskorra. Neurketa atzeratu zuten bere garaian, eta astetartez jokatzea egokitu zitzaien txuribeltzei, baldintza metereologiko kaskarretan eta Andorrarako bidaiaren atarian. Horrek guztiak eragina izan du jokalarien errendimenduan eta azken jardunaldietako emaitzetan somatu da. Hala ere, lanean segitzen dute eta, biharko neurketari begira, garaipena eskuratzeko mailarik altuena emanen dutela ziurtatu dute.
Azkenik, eta Beltzenian entrenatzeko erabakiaren harira, Emeryk Irunen zelai eta instalakuntza berriak behar direla aldarrikatu du. Stadium Gal da belar naturaleko zelai bakarra hirian eta, belar artifizialeko bertze aunitz badaude ere, presidenteak onartu du egitura berriak beharrezkoak direla Real Unionek profesionaltasunera jauzia eman nahi badu; eta ez soilik Real Unionek, baizik eta bailaran dauden bertze klub guztiek ere, hala nola, Euskal Ligan aritzen diren Mariño Real Unioneko emakumeek. Klub txuribeltzak inbertsioa egiteko asmoa duela ere azpimarratu du presidenteak, baina horretarako instituzioen laguntza beharko dutela.