Igoera zuzena konplikatu zaio Txingudiri
Bosna berdindu dute Txingudik eta Bera Bera Bk, erabakigarria izan daitekeen partidan. Apirilaren 14an neurtu dituzte indarrak Euskal Ligako bigarren mailako bi talde hoberenek, Plaiaundin. Orain donostiarrak daude aurretik sailkapenean, ligaxka bukatzeko bi jardunaldi falta direnean. Ezustekorik ez baldin badago, lehen mailara zuzenean igoko dira, eta bidasoarrek play-off bat jokatu beharko dute.
Espero zitekeen bezala, norgehiagoka gogorra izan da Txingudiren eta Bera Bera Bren artekoa, Plaiaundin. Oreka nagusi izan da berdegunean, eta markagailuan ere bai, azkenean. Orain, donostiarrek lau puntuko errenta dute sailkapenean bidasoarrekiko. Hortaz, litekeena da haiek ligaxka irabazi eta igoera zuzena lortzea. Bigarren gelditzen denak beste aukera bat edukiko du, play-off formatuan, jaisteko arriskua duen talde baten kontra. “Joan-itzulian jokatzen da, baina konplikatua izaten da”, baieztatu du Iñigo Camarerok. Halako esperientziak eduki izan ditu Txingudik azken urteetan, eta ez du igoera lortu.
Aurten, dena den, helburua begiz jota du Txingudik. Hala ekin zion 2017-2018 kirol sasoiari. Iazko belaunaldi aldaketa egonkortu da aurten, eta beste urrats bat emateko prest dago taldea. “Joan den urteko gazteenek esperientzia gehiago dute aurten, eta haien progresioa nabaritzen da”, azaldu du Iñigo Camarerok. Horregatik, igotzea “nahitaezkoa” dela uste du. Asko esatea dela pentsa daiteke, baina Camarerok gogorarazi du ligako lehen fasea irabaztea lortu zutela, garaipen sorta handi batekin, eta Bera Bera B aurkaria atzean utzita.
Bigarren fasea gogorragoa izan dela onartu du, Bera Bera B taldeaz gainera, beste multzoko bi talde onenak dituztelako aurkari. Agerian gelditu da, dena den, donostiarrak eta bidasoarrak direla indartsuenak. “Ez dugu uste Bera Bera Bk partida gehiago galduko dituenik”, adierazi du Unai Herrerok. Horregatik, onena eman beharko du Txingudik. Neurketez harago, entrenamenduetan jarri du arreta Camarero beteranoak: “Ondo entrenatu beharra daukagu, kontzentratuta eta serio. Hori egiten dugunean, jokoan nabaritzen da”.
Urteurrenari begira
2019 urtean urrezko ezteiak egingo ditu Txingudi Rugby Taldeak. Ordurako, kategoria guztietan taldeak edukitzeko helburua beteko du. “Neskak Hernanin jokatzen ditugu, baina gainerakoan, maila guztietan dugu presentzia”, argitu du Camarerok: “Rugby eskolan lan ona egiten ari gara, eta kluba asko hazten ari da”. 50 urteak ospatzeko, talde nagusia Euskal Ligako lehen mailan edukitzea garrantzitsua litzateke. Horretan ahaleginduko da Iñaki Lekuonak, Ivan Tizonek eta Hugo Poncinik zuzentzen duten taldea.