Igoera lortzeko lehian izango dira Super Amara BATeko neskak

2016/05/04
Igoera lortzeko lehian izango dira Super Amara BATeko neskak

Estatuko Lehen Mailako Ligako lehen jardunaldia izan dute larunbatean Super Amara BATeko talde nagusiek. Neskak etxetik hurbil aritu ziren larunbatean, Durangon, eta pauso handia eman zuten  Ohorezko Mailara igotzeko azken lehian izateko. Lesioek baldintzatutako talde gaztearekin, lan saio bikaina osatu zuten neskek. Jardunaldia irabazi zuten 212,5 punturekin, Bidezabalen, Burgosen eta Monzonen aurretik. Zazpi garaipen, hamar bigarren postu eta lau hirugarren lortu zituen BATek. Erregulartasuna izan zen nesken ezaugarri. Lortutako emaitzaren ondoren, ekainaren 11n Ohorezko Mailara igotzeko lehian egoteko aukera eskura dute neskek. Horretarako, aski izango dute maiatzaren 21eko bigarren jardunaldian huts egite larririk ez egitearekin.

BATeko mutilek, ordea, zail izango dute jaitsiera ekiditeko lehiatik libratzea. Laugarren izan ziren lehen jardunaldian, Huescako Monzonen. Hutsune ugari izan zituen taldeak, lesioak, ikasketak edo lan arloko arrazoiak direla eta. Atletismo Numantino, Monzon eta Intec Zoiti aurretik izan zituen talde bidasoarrak. Bi garaipen lortu zituzten mutilek, bigarren postu bat, eta bederatzi hirugarren. Ekainaren 11ko azken jardunaldian mailari eustea izango da mutilen helburua.