Igoera faserik gabe gelditu da Real Union

2017/05/08
Igoera faserik gabe gelditu da Real Union

REAL UNION: Otaño, Azkoiti (Letamendia, 65'), Ekhi, Esnaola, Gorosabel, Rodellar (Thaylor, 60'), Martins, Estrada, Juan Domínguez, Ozkoidi (Arriaga, 51'), Galán.

SAN SEBASTIáN DE LOS REYES: Alberto, Moyano, Rangel, Sergio, Juan Cruz, Neyder, Zazo; Dani Pichín, Mancebo (Fernando Ruiz, 70'), Maganto (Astray, 90'), Negredo (Kofi, 83').

GOLAK: 0-1: Dani Pichín (52').1-1: Martins (80').

EPAILEA: Alonso Prendes. Txartel horiak: Juan Domínguez (Real Union); Moyano, González, Zazo, Alberto.

Txuribeltzek ez dute igoera fasean parte hartuko. Jardunaldi bakarra gelditzen da 2.Bko liga bukatzeko, eta Unionek baino lau puntu gehiago ditu laugarren sailkatuak. Stadium Galeko azken norgehiagokan bana egin du Asier Santanaren taldeak, mailari eusteko lehian dabilen San Sebastián de los Reyesen aurka. Ondo hasi da etxeko taldea, oldarkor, gol aukerak sortuz. Lehen zatiak aurrera egin ahala, ordea, behera egin dute pixkanaka.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, gainera, abantaila hartu du Sansek, txuribeltzen defentsako huts egitea baliatuta. Dani Pichinek egin du gola. Desabantailak min egin dio Real Unioni, eta ez da fin ibili, Mikel Martinsek banakoa lortu duen arte. Arerioen atezaina aurreratuta harrapatu, eta urrutitik egindako jaurtiketa batekin asmatu du donostiarrak. Hortik aurrera, Unionek estutu egin du, baina berandu samar iritsi da erreakzioa, eta ezin izan du bigarren gola lortu. Albiste onena, Alex Letamendia harrobiko jokalariaren debuta izan da.