Igoera fasea jokatzeko hautagaitza aurkeztu du Zaisa-Irunek
Denboraldi hasieran hartutako norabidea zuzendu du azken jardunaldietan Zaisa-Irun Rugby Taldeak. Garaipen sortarekin, Euskal Ligako Bigarren Mailako laugarren tokian kokatzea lortu du. Lehen bi taldeak zuzenean igoko dira Lehen Mailara, eta hirugarrenak promozioa jokatuko du. Getxo dago orain hirugarren, baina filiala denez, irundarrek izango lukete aukera hori.
Universitario de Bilbao izan da Zaisa-Irunek menderatu duen azken taldea. Plaiaundin lortu zuen garaipena, larunbat arratsaldean, euri zaparradaren azpian. Lehen zatian irundarren erritmoari eutsi zioten bizkaitarrek. Baina bigarrenean, etxekoak jaun eta jabe izan ziren. 12-8koarekin iritsi ziren atsedenaldira, eta beste hamabi puntu egin zituzten bigarren zatian. Larunbatean Funesen ariko dira beltzak, Nafarroan, 16:00etatik aurrera.