Igoera fasea jokatuko du Bidasoa Bk

2020/01/01
Igoera fasea jokatuko du Bidasoa Bk

Asteburuko partida irabazita, igoera faserako txartela eskuratu du HTG Express Bidasoa Bk. Indupime Basauri hirugarren sailkatua menderatu zuen igandean Artalekun, 33-27. Emaitzak matematikoki sailkatu du Pedro Salcedoren taldea. Euskal Liga irabaztea izango du helburu orain filialak. Hiru jardunaldi gelditzen dira, eta lau puntuko aldea dauka Gure Auzunerekiko. Zarautz, Ereintza eta Egia izango ditu aurkari Bidasoa Bk. Ondoren, Estatuko Lehen Mailara igotzeko fasea jokatuko du.

Hondamendia Hondartzan

Hondarribia Eskubaloia ez zen gai izan igandean etxean sailkapeneko azkena gainditzeko. Norgehiagoka txarra izan zen Hondartzakoa, eta 13-18ko emaitza esanguratsuarekin bukatu zen. Lehen Mailako sailkapeneko azken tokian utzi du Urdanetak Hondarribia. Askartzaren aurka jokatuko dute berdeek larunbatean, Leioan (19:30).