IGANDEAN OSPATUKO DA BAT-EK ANTOLATUTAKO “MILIAK OSASUNAREN ALDE” LASTERKETA

2021/11/19
IGANDEAN OSPATUKO DA BAT-EK ANTOLATUTAKO “MILIAK OSASUNAREN ALDE” LASTERKETA

Goiz guztian zehar hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera egonen da Kolon Pasealekuan 

Igande honetarako Bidasoa Atletismo Taldeak “Miliak osasunaren alde” ekitaldi solidarioaren bostgarren edizioa antolatu du, Kirol Egokituen Federazioaren eta Minbiziaren Aurkako Elkartearen laguntzarekin. Irungo Kolon Pasealekuan burutuko dira ekintzak goiz guztian zehar, eta BAT-ekoek pertsona guztiei hurbiltzera eta bertan parte hartzera animatu nahi izan die.

Azaroaren 11n, Iñigo Lavado jatetxean, egin zen ekitaldi honen aurkezpena, eta bertan egon ziren BAT-eko zuzendariak, Josu Zubia Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko teknikaria, Gemma Landache Minbiziaren Aurkako Elkarteko kidea eta Borja Olazabal Irungo Udaleko Kiroletako zinegotzia. Denek eskerrak eman nahi izan zizkieten ekimen honen antolatzaileei, eta horrelako aktibitate solidario eta inklusiboek beraien elkarteentzat duten garrantzia azpimarratu nahi izan zuten.

Goizeko 10etan hasiko dira ekintzak, eta lehendabiziko “ttipi-ttapa” izeneko paseoa izango da, helduenei zuzendutakoa. Honen ondoren, lauko taldeko txandakako lasterketa ospatuko da. Aurten, berritasun moduan, aktibitatea nerabeei zuzenduta egonen da, hauei kirol zaletasuna pizteko asmoarekin. Proba hau lehiakorra izango da. 11:30ean berriz, milia egokitua egingo da, desgaitasuna duten pertsonentzat zuzendua egongo dena. Proba hau ere lehiakorra izango da, eta bi maila bereiziko dira: gurpildun aulkien modalitatea eta handbike modalitate. Jarraian, lehiakorra izango ez den lasterketa ere egingo da desgaitasun intelektuala duten pertsonekin.

Eguerdiko 12etan, binakako lasterketa ospatuko da. Ibilbide luzeagoa izango du honek, izan ere, besteek milia bat (1.609 metro) korritzen duten bitartean, proba honetan hiru milia (4,8 kilometro) korritu beharko dituzte. Bikoteak, launakako proban bezala, gizonezkoenak, emakumenzkoenak edota mistoak izan daitezke. Egunarekin amaitzeko, 12:45ean, milia solidarioa ospatuko da. Proba hau ez da lehiakorrak izango, eta nahi duenak parte hartu ahal izango du hiru euroren truke. Honekin lortzen den dirua oso-osorik Minbiziaren Aurkako Elkartearentzat izango da. Haurrek ere izango dituzte hainbat ekimen goiz guztian zehar, hala nola, hesi-lasterketa, altuera-jauzia eta jaurtiketa probak.

“Ttipi-ttapa” paseorako eta milia egokiturako ez da izenik eman beharko, baina bai launakako eta binakako lasterketentzako. Bi lasterketa hauetan parte hartzeko behar den dortsala, personako zazpi eta zortzi euro balio ditu, hurrenez hurren. Izena emateko aukera igande goizean bertan egongo da, baino online egitea gomendatzen da, batez ere jende pilaketak ekiditeko. Hauek bihar, azaroaren 20a, arratsaldeko 20ak arte egin daitezke, www.kirolprobak.com webgunean.