Iazko bideari heldu dio Hondarribiak

2016/06/19
Iazko bideari heldu dio Hondarribiak

San Miguel Ligako txapeldunak indartsu ekin dio 2016ko ligari. Liderra da berriro, lehen estropadan Euskadi-Basque Country bandera irabazi ondoren. Sevillan, Guadalquivir ibaiko uretan egin dute aurten. Erlojuaren kontrako lehia izan da, eta binaka irten dira traineruak. Urdaibai izan du Hondarribiak ondoan, iazko aurkari nagusia. Baina ezusteko beste aurkari bat sortu zaio, Astillero, lehen txandan denbora bikaina egin baitu (19:29).

Bigarren ziabogan, Astilleroren atzetik zegoen oraindik Ama Guadalupekoa. Azken bi luzeetan gogor estutu behar izan du, Urdaibai atzean uzteko, alde batetik, eta Cantabriako ontziaren denbora hobetzeko, bestetik. Zalantza une bat izan da azken txanpan, Beñat Egiazuk arraun egiteari utzi behar izan dionean. Baina azkenean, denborarik onena egin dute berdeek helmugan (19:22). Hiru segundo gehiago behar izan ditu Bou Bizkaiak. Hortaz, TKE-San Miguel Ligako lehen liderra da Hondarribia, eta hamabi puntu ditu jada zakuan. Uztaileko lehen asteburuan izango dute hurrengo hitzordua. Ohiko arraun asteburua izango da. Larunbatean Astilleron ariko dira, eta igandean Zierbenan.