IAM eta Txenpereneari bultzada emateko batasun irudia eman nahi dute Irunen
Urtarrilaren 31n Irungo azken udalbatzan aho batez onartutako lehen mailako kirol instalazioen aldeko mozioaren ondotik, IAM pabiloia eta Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara lekuz aldatzeko beharra duten zenbait kirol elkartek eta PSE, EAJ, Elkarrekin Podemos eta PP udal talde politikoek batasun irudia eman nahi izan zuten atzo. EH Bildu udal taldea bere partetik uko egin zion talde argazkian agertzeari, baita Txingudi Errugbi Klubak ere.
Haatik, Bidasoa Atletiko Taldea eta Bidasoa Irun eskubaloi kluba batu zitzaizkien gainerako alderdi politikoek egindako deialdiari. Erakundeen arteko akordioak eskatu zituzten, PSE-EAJ gobernu koalizio berriak aldarrikatu dituzten proiektu estrategikoak desblokeatzeko, goragoko erakundeen borondate politikoa eta finantzaketa ezinbestekoa delako.
Cristina Laborda alkateak munduko kopa baten atarian gaudela oroitarazi zuen. Izan ere, oraindik proiektu ideia bat den Ficobako IAM pabiloi erabilanitzean 2029 urtean Emakumezkoen Munduko Eskubaloi Kopa jokatzeko egoitza izendatua izan da. Alkateak argitu duenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Espainiako Kirol Kontseilauren babesa du proiektuak, baina Eusko Jaurlaritza falta da». EAJ udal taldeko bozeramaile Gorka Alvarezek bere partetik, «IAM ideia bat» dela azpimarratu du, eta orain «proiektua garatzea eta finantzaketa zehaztea falta bada ere, gogor lan egiteko» prestutasuna adierazi du Irundik gainerako erakundeen babesa lortzeko.
Era berean, Plaiaundiko instalazioak lekuz aldatzeak daraman hiru hamarkadako atzerapenarekin amaitu, eta Txenpereneako kokagune berria Irungo udalbatzak 2018an adostu zuela aintzat hartuta, urratsak emateko premia azpimarratu du ordezkari jeltzaleak. Ez zaio oharkabean pasatzen legea bete behar dela, eta aste honetan Antxeta Irratian egindako elkarrizketan aitortu zuen bezala, 1993an Plaiaundi gune babestu izendatua izan ondoren «Irunek duen altxor natural garrantzitsuenetakoa den hezegunea berreskuratzea gehiegi luzatu egin dela».
Argazkietatik harago
Hain justu, zorigaiztoko atzerapen horrek baldintza prekarioetan mantentzen ditu Plaiaundiko kirol instalazioen erabiltzaileak. Atzokoaz beste, erabiltzaileek baizik ikusten ez duten beste argazkia da, eguneroko kirol jardueran. Ezinegona sortzen du horrek, eta hori da Txingudi Errugbi Klubak atzo jasotako udalarekin bat egiteko gonbidapenari uko egin izanaren arrazoia. Haien ustez, «Plaiaundiko pistak Txenpereneako eremura lekualdatzea premiazkoa eta lehentasunezkoa bada, erabiltzen dituzten kluben beharretatik haratago, 1993tik han dagoen kirol eremuak ez lukeelako existitu behar». Errugbi klubak dio, hamarkadaz hamarkada hor jarraitzen duen arazo baten konponketak garrantzi eta lidergo handiagoa izan beharko lukeela. Eta IAM erabilera anitzeko pabiloia eraikitzearen aurka ez badaude ere, proiektu bakoitzaren testuingurua oso ezberdinak direla. Beraz, ez dute ulertzen «zergatik nahasten ari diren abiapuntu ezberdinak dituzten bi gaiak».
Talde politikoen artean ere, EH Bilduk uko egin zion atzo batasun irudi horretan parte hartzeari. Argitu dutenez, kirol instalazioen gabezi larriak mahaigaineratu zituzten dagoeneko urtarrilaren 31ko mozioarekin bat eginez. Argi utzi dute aldiz, «ez dela argazkietarako unea, lanerako unea baizik». Eta hari horretatik, azken asteetan PSEk eta EAJk udal gobernu berria eratu dutenez Irunen, bi alderdiek lortutako adostasunetatik lan politikoa egiteko unea dela dio EH Bilduk, «irundarrei zor zaizkien azalpenak emanez». Hau da, IAM proiektua zertan datzan zehaztea eta Plaiaundiko pistak noiz lekuz aldatuko dituzten eta horretarako plangintza argi bat aurkeztea.
Horren beharra dagoela, argazkian parte hartu duten zein agertu ez diren guztiek aitortzen dute. Bereziki Bidasoa Atletiko Taldea (BAT) eta CD Bidasoak. Atletsimo taldearen partetik, Ibon Muñozek azpimarratu du 300 gazte baino gehiagok kirola egiten dutela Plaiaundin. Eta EAEko federatu gehien dituen kluba dela gaur egun, bai neska bai mutiletan estatu mailako gorengo kategorietan lehian ari direlarik. Baina 1993an Plaiaundik homologazioa galdu zuenetik, haien etxea Donostia izan dela urte askotan, eta azken urte eta erdian Durangoko pista ere erabiltzera behartuak daudela goi mailako entrenamenduak egiteko eta lehiarako.
Bidasoa Irun taldearen kasuan, aldiz, Artaleku zahar eta txiki geratu zen aspaldi. Azken urteetan Europako kirol erakundeek salbuespena egin dute klub historikoa delako, baina Europan jokatu ahal izateko ezinbestekoa du Ficobako IAM pabiloi berria. Gurutz Aginagalde, Bidasoako presidenteak argi du, «hil ala biziko egoera baten aurrean» daudela.