Hutsean bukatu da Guadalajararen eta Real Unionen artekoa

2019/01/04
Hutsean bukatu da Guadalajararen eta Real Unionen artekoa

GUADALAJARA: Kevin, Lacruz, Verdú, Rangel, Dani Gómez, Yebra, Pérez (Edgar, 83'), Javi López, Chema Mato (Manzano, 71'), Molinero, Toledo.

REAL UNION: Tena, Ibarbia, Aimar, Esnaola, Morcillo, Rodellar, Mikel Alonso (Iriondo, 66'), Galán (Saizar, 83'), Juan Domínguez, Silas, Goikoetxea (Eneko Romo, 54').

EPAILEA: Guillermo Cuadra Fernández. Txartel horiak: Pérez, Yebra, Manzano, Toledo, Molinero (Guadalajara); Rodellar, Silas, Esnaola, Eneko Romo, Aimar, Ibarbia (Real Union).

Denboraldiko berrogeigarren puntua eskuratu du Real Unionek Guadalajarako Pedro Escartinen. Txuribeltzak ez dira jokoan fin ibili, baina defentsan talde sendoa izan dira, atea hutsean mantendu dute, eta berdinketaren saria lortu dute horrela. Partidaren hasieran irundarrena izan da baloia, eta zelai erdian nagusi izan dira. Lehen aukera, berriz, etxekoena izan da. Toledok baloia zutoinera bidali du, Aimar Sagastibeltza abiaduraz gainditu ondoren. Juan Domínguezek erantzun bikaina eman dio, boleaz egindako jaurtiketa indartsuarekin. Oraingoan ere, zutoina izan da gola ekidin duena. Guadalajarak hobera egin du lehen zatiaren amaieran, norgehiagoka itxuraldatuz.

Bigarren zatian etxekoak izan dira baloiaren jabe, eta gol aukerak sortzen hasi dira laster. Matoren errematea Tenak urrundu du hankarekin, eta Toledoren jaurtiketa langaren gainetik irten da, gutxigatik. Zelai erdia indartzeko, Eneko Romo eta Iriondo zelairatu ditu Aitor Zulaikak. Baina aldaketek ez dute eragin handirik izan. Guadalajara nagusi izan da azken ordu erdian. Hala ere, Jorge Galanek abagune argia izan du, 67.minutuan. Gora bidali du baloia aurrelariak, atezainaren aurrean zegoenean. Azken minutuetan sufritzea egokitu zaio Real Unioni. Alboko faltetan arriskua sortu du, baina Guadalajarak hurbilago izan du gola.