Husnakoarekin hasi da Real Union Federazio Kopako txapela defendatzen
REAL UNION: Tena, Morcillo, Ismael, Esnaola, Ribera, Martins, Alonso (Endika, 68'), Mujika, Ozkoidi, Patxi (Aimar, 75'), Galán (Barrón, 62').
RAYO MAJADAHONDA: Miguel Angel, Raul Sergi, Pesca, Iñaki (Adan, 69'), Arranz, Frutos (Kike, 57'), Carco (Fabry, 68'), Acha, Blanco, Felix.
Final hamaseirenetan ekin dio Federazio Kopako txapeldunak lehiaketari. Rayo Majadahonda hartu du Real Unionek joanekoan, Stadium Galen. Ezin izan du abantaila hartu, eta Madrilen saiatu beharko da kanporaketa erabakitzen eta aurrera egiten. Aitor Zulaikak atsedena eman nahi izan die ligako hamaikakoetan ohikoak izaten diren jokalariei. Baina lesioen ondorioz, iraultza handirik ere ezin izan du egin taldean. Neurketa orekatua izan da lehen zatian. Unionek izan du baloiaren jabetza izan duen arren, ez du Rayo gehiegi estutu. Mujikak izan du lehen aukera, baina gora bidali du baloia. Antzeko abagunea izan dute kanpokoek hiru minutu beranduago. Rayo gero eta erosoago aritu bada ere, azken abisuak txuribeltzek eman dituzte. Ozkoidiren jaurtiketak langan jo du lehenengo, eta Patxirena atezainak urrundu du gutxigatik.
Bigarren zatian gero eta hobeto ibili da Real Union. Tarte txar bat izan du, Rayok arrisku dezente sortu baitio. Kikeren jaurtiketa izan da aukerarik onena, eta Tenak aldendu du, ozta-ozta. Aldaketekin sendotu egin da talde txuribeltza, eta gol aukera sorta ederra izan du neurketaren azken txanpan. Jokaldi bakarrean Morcillok, Barronek eta Ozkoidik izan dute gertu gola. Azkena izan da jaurtiketa egin duen bakarra, baina defentsak urrundu du. Ozkoidik berak jokaldi ederra egin du 38.minutuan. Gehiegi luzatu du, ordea, eta berandu egin du jaurtiketa. Defentsak kanpora atera du baloia, eta ondorengo kornerrean, Aimar Sagastibeltzak eduki du abagunea. Beste bi aldiz izan du gertu gola Unionek. Riberak ateratako faltarekin lehenengo, eta Endika Etxeberriaren jaurtiketarekin, luzapenean. Atezainak ekidin du gola bi aukeretan. Husnakoarekin, itzuliko neurketan gola sartzera behartuta egongo da Real Union.