Hurbil izan dute garaipena Bidasoa Bk eta Hondarribiak

2015/10/07
Hurbil izan dute garaipena Bidasoa Bk eta Hondarribiak

Bidasoaren filialak eskura izan zituen bi puntuak larunbatean, Atarrabiara egindako bisitan. 24-24 berdindu zuen Beti Onak taldearen kontra. Markagailuan atzetik ibili zen Bidasoa B neurketa osoan zehar, baina azken txanpan estu hartu zuen etxeko taldea. Gol bateko abantaila lortu zuten irundarrek azken minutuan. Bost segundo falta zirela, ordea, penaltia adierazi zuen epaileak. Emaitza orekatzeko baliatu zuen talde nafarrak. Estatuko Lehen Mailako sailkapeneko hirugarren tokian dago filiala, hiru punturekin. Igande eguerdian Usurbil hartuko du Artalekun.

Euskal Ligan, Hondartza kiroldegian galdu zuen Hondarribia Eskubaloiak igandean. Gasteizko Corazonistas taldeak mendean hartu zuen, 22-24. Markagailuan aurretik amaitu zuten berdeek lehen zatia. Bigarrenaren hasieran, neurketa apurtzeko aukerak izan zituzten, baina huts egin zuten momentu horietan. Hirugarren jardunaldian Legazpin jokatuko du Hondarribiak, Lau Bide Jatetxea taldearen kontra (Larunbata, 19:15).