Hurbil dauka Bidasoak igoera fasea

2015/05/03
Hurbil dauka Bidasoak igoera fasea

BARAKALDO: Aurrekoetxea, Borda (2), Bordegaray, Fernández (5), García (3), Lucas (1), Momeñe (3), Moreno, Ortuondo (4), Sarasola (1), Urretxa, Martínez, Moreno, Nieto (1) , Valderrama (1)

BIDASOA: Dejanovic, Zubiria, Alzaga (1), Azkue (8), Cavero (2), Crowley (2), Gimeno, Martínez (5), Muiña (2), Penón (2), Revin (1), Trkulja (2), Vázquez, Zildzic (7).

MARKAGAILUA: 4-2, 7-4, 8-8, 11-12, 11-16 (atsedenaldia); 13-17, 13-19, 15-24, 16-28, 19-30, 21-32.

EPAILEAK: Escoda Pérez eta Sánchez Bordetas

Aurrea hartu du Bidasoak igoera fasean sartzeko lehian. Garaipen argia lortu zuen atzo Barakaldon, eta aurkariek huts egin zuten. Gorostiza pabilioian jokatu nahi izan zuen neurketa Barakaldok, zaleek Lasesarre handian baino gehiago estutu ahal izango zutelako. Irundarrek, ordea, jarraitzaile multzo sutsua eraman zuten, harmailako lehia orekatzeko. Pistan, dena den, Bidasoa izan zen jaun eta jabe. Indartsu irten zen etxeko taldea, jaitsieraren arriskuak bultzatuta. 7-4ko abantaila lortu zuen hamargarren minutuan. Baina hortik aurrera, irundarrek hartu zuten agintea. Gogor defendatzen hasi ziren, eta erasoan ere fin aritu ziren. Bost goleko abantailarekin hartu zuten aldagelarako bidea (11-16).

Erosoa izan zen bigarren zatia Bidasoarentzat. Maila handia eman zuten defentsan, eta lau gol besterik ez zituzten jaso lehen hamabost minutuetan. Partida erabakita, garaipenaz gozatzeko denbora eduki zuten jokalari bidasoarrek. Ospakizunetarako arrazoi bikoitza izan zuten, Alcobenasek Palma del Rion galdu zuelako, eta Navak puntu bakarra lortu zuelako La Rocaren kontrakoan. Sailkapeneko bosgarren tokian dago orain Bidasoa-Irun. Beste bi puntu besterik ez ditu behar igoera fasean sartzeko.