Hondartzan galdu du liderrak
Tolosa, Ohorezko Erregionaleko liderra mendean hartu zuen larunbatean Hondarribia Futbol Elkarteak (1-0). Defentsan sendo ibili ziren berdeak, eta gol bakarrarekin aski izan zuten talde urdina gainditzeko. Lehen itzuliko neurketan Berazubin gertatutakoaren ordaina jaso du Tolosak, azken minutuan sartu baitzuen orduan 2-1ekoa. Bederatzigarren postuan dago Hondarribia, baina hiru puntura du orain Real Union B, laugarren sailkatua. Asteburuan Zarautzen ariko da Mikel Llorentek zuzentzen duen taldea.
Real Union Bk ezin izan zuen Tolosaren estropezua aprobetxatu. 2-0 galdu zuen larunbatean, Elgoibarko Mintxetan. Laugarren postuan daude txuribeltzak, Tolosak baino hamar puntu gutxiagorekin. Asteburuan Lesakako Beti Gazte hartuko dute Stadium Galen.