HONDARRIBIRA 10K ZIRKUITUA OSATU DUTE BAT-EK ETA HONDARRIBIAKO UDALAK

2023/01/11
HONDARRIBIRA 10K ZIRKUITUA OSATU DUTE BAT-EK ETA HONDARRIBIAKO UDALAK

Bidasoa Atletiko Taldearen laguntzarekin, 10 kilometroko ibilbide zirkularra osatu dute Hondarribian herritarrek kirola egiteko erabil dezaten

Hondarribiako Udalak, Bidasoa Atletiko Taldearen laguntzarekin, HondarriBira 10K izeneko zirkuitua osatu du herriko kaleetatik barrena, bertakoek kirola egiteko erabil dezaten. Kalixa Silanes zinegotziak eta Iñigo Eseverri BATeko ordezkariak argitu zuten moduan, ibilbidea ez da lehiaketarako, baizik eta adin guztietako herritarrek aisialdirako aprobetxa dezaten.

BATek hamar kilometro neurtu ditu Hondarribian ezaguna den ibilbide batean, bertako herritarrek oinez ibiltzeko, kirola egiteko edota pasiatzeko erabil dezaten. Iñigo Eseverri ordezkariak adierazi duenez, “zirkuitua nahiko ezaguna da Hondarribian eta guk egokitu dugu 10 kilometro eduki dezan eta trafiko aldetik ere erabiltzaileentzat lasaia izan dadin”. Zirkuituan zehar, zenbait marka ere ezarri dituzte, kirolariek erreferentziak edukitzeko: “Hasieran eta bukaeran markak daude eta 500 metroro ere kartelak daude erreferentzia edukitzeko”. Honez gain, BATek QR kodeak ezarri ditu karteletan “planoak, bideoak eta argazkiak ikusteko eta jendeak ibilbide guztia aztertzeko aukera izateko”.

Ibilbideak San Juan de Dios biribilgunean du hasiera ofiziala, nahiz eta “edozein lekutatik hasten ahal den”, Eseverrik jakinarazi duen moduan. Hortik Arraun Elkartera doa bidea, Bidasoa pasealekua zeharkatuz. Benta pasatuta, Butroi pasealekura doa zirkuitua, kiroldegitik porturaino. Portuan buelta eman eta hondartzatik pasatzen da ibilbidea eta espigoian buelta emanda, Kai Berritik Butroira joaten da eta San Juan de Dios biribilgunean bukatzen da berriz ere.

Kalixa Silanes zinegotziak ere BATeri eskerrak eman nahi izan zizkion laguntzeagatik eta azpimarratu nahi izan zuen ibilbide hau “edozeinentzat egokitua dagoela”. “Denek ezagutzen duten zirkuitua da eta aisialdirako erabiltzeko izanen da, oinez ibili edo kirola egiteko”.