“HONDARRIBIAREN LAN EGITEKO EREDUAREKIN IDENTIFIKATUTA SENTITZEN NAIZ”
2023ra arte luzatu berri dute harremana Mikel Orbañanosek eta Hondarribia Arraun Elkarteak. Bi urteak beteko balira, 22 urte emango lituzke prestatzaile oriotarrak ‘Ama Guadalupekoa’-ko prestatzaile gisa. Oriotarraren aroa handitzen doa eta badirudi etenik ez duela.
20 urte daramatzazu ‘Ama Guadalupekoa’-ko prestatzaile bezala eta bi gehiago beteko dituzu. Erronkarik geratzen al zaizu Hondarribian?
Oso gustora eta eskertuta naiz Hondarribia Arraun Elkarteak nigan jarri duen konfiantzarengatik eta, alde horretatik, eskerrak eman behar ditut. Normalean, urtez urte jartzen ditugun helburuak egin duguna mantentzea izaten da, bai kirol arloan, bai emaitzetan. Baina horretara bakarrik joango bagina, iruditzen zait eskasa litzatekeela erronka. Emaitzaz harago, entrenatzaile batek beste hainbat arlotan helburuak bete behar ditu eta horrela segi nahi dut.
Emaitzak baino, Hondarribia Arraun Elkartearen ereduak mantentzen zaitu Hondarribian?
Lana ahalik eta txukunena betetzen saiatzen gara, kirol arloan eta bertatik kanpo. Elkartean ordu asko pasatzen ditut, nire bigarren etxea da eta oso gustora sentitzen naiz hemen egiten lanarekin eta egiteko moduarekin.
Pentsatu al zenuen inoiz 22 urte beteko zenituela prestatzaile modura?
Ez. Ez dakigu non eta zertan bukatuko dugun, baina bai hasieratik igerri nuela toki aproposera heldu nintzela, jende egokiarekin topo egin nuela eta gustora ariko nintzen elkartea zela. Denborak erakutsi hori horrela izan dala eta nahiko motzak egin zaizkit azken 20 urte hauek. Urteak hain azkar pasa izanak, seinale ona delakoan nago.
Bi estropada gelditzen dira eta Eusko Label Liga jokoan duzue. Zer helbururekin ekingo diozue asteburuari?
Kontxako Estropadaren edizio honetan, eman dugun errendimenduarekin oso gustora geratu gara, lehenengoen pare ibili gara. Santurtziri zorionak eman behar dizkiogu, merezimendu osoz irabazi baitute bandera. Amaiera gazi-gozoa izan zen guretzat, baina hotzean pentsatuta, pozik gaude eginikoarekin. Orain, azken bi estropada hauetarako, udara guztian zehar erakutsi dugun kirol-maila errepikatu nahi dugu. Horrek esan nahi du banderaren bila joango garela, lehenengoekin borrokatzeko prest gaudela eta oraindik Santurtzik matematikoki liga eskuratu ez duenez, ahalegin guztiak egingo ditugu hori gerta ez dadin. Ez da erraza izango, Santurtzik maila ederra eman du uda guztian zehar eta bada beste faktore garrantzitsu bat: traineru gutxiago lehiatuko gara eta puntu gutxiago gal ditzake Santurtzik.