HONDARRIBIAN ZESTA ETA HENDAIAN ERREMONTEA

2021/10/07
HONDARRIBIAN ZESTA ETA HENDAIAN ERREMONTEA

Hondarribia Grand Slameko finalerdiak eta Erremonte jaialdia jokatuko dira bihar, Hondarribian eta Hendaian, hurrenez hurren.

Behe Bidasoa eskualdea beti izan da pilotaren modalitate desberdinen gotorleku. Esku pilota, laxoa, sarea, zesta punta, erremontea, gomazko paleta, trinketea…denak dira pilota zaleentzako ikusgarriak. Horietako bi zuzenean ikusteko aukera izango dute: zesta punta eta erremontea.

Zesta puntari dagokionean, Hondarribia Grand Slameko ligaxkako neurketak jokatu dira jada eta orain final erdien txanda iritsi da. Goikoetxea eta Aimar Arbe eta Lopezen aurka ariko dira eta Beaskoetxea eta Zabalak Erkiaga eta Etchetoren aurka neurtuko dituzte indarrak. Larunbatean izango dira bi partiduak, 20:00etatik aurrera, eta denon ahotan dago lehen txapelketa honen estreinaldiko neurketa errepika daitekeela; hau da, finalera, Goiko-Aimar eta Erkiaga-Etcheto igarotzeko faboritoak direla. Finalerdiak direlarik, lau bikoteek gogotik borrokatuko dute maila handia duen Grand Slam honetako finalera igarotzeko.

Hondarribian zesta eta Hendaian Erremontea. Daniel Ugarte pilotalekuak bihar erremonte jaialdia jasoko du, Endaiarrak elkarteak antolatuta. 19:00etatik aurrera erremontearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute Behe Bidasoa eskualdeko pilota zaleek, doan gainera. Goikoetxea V-Labaka Zaldua II-Zubiriren aurka ariko dira lehen neurketan eta bigarrenean, Ansa II-Barrenetxea IV-k Urriza-Aizpuru III.-ren aurka lehiatuko dira.