Hondarribian gelditu dira derbiko hiru puntuak
Hondarribia Futbol Elkarteak irabazi du Ohorezko Erregionaleko derbi bidasoarra. Aurreko jardunaldietan baino gol aukera gutxiago sortu ditu. Baina eraginkortasun handia erakutsi du Hondartzan, Unionen atearen aurrean. Irundarrak indartsu irten dira berdegunera. Lehen bi minutuetan, langara eta zutoinera bidali dute baloia txuribeltzek. 9.ean, berriz, kolpe handia jaso dute, berdeen lehen golarekin. Xabi Arruabarrenak jarri du aurretik etxeko taldea. Ondoren, irundarrek ez dute aurreko intentsitate puntua berreskuratu, eta Hondarribiak aukera baliatu du abantaila handitzeko. 24.minutuan egin du Julen Sanchezek bigarren gola, korner jaurtiketa eder batekin.
Indarberrituta bueltatu da filial txuribeltza aldagelatik. Ordu laurden behar izan du markagailuko errenta murrizteko. Omarrek sartu du 2-1ekoa, buruz. Golaren ondoren ere gehiago izan da Union baloiarekin, arrisku handia sortu du berdeen atearen inguruan, baina kosta zaio gol aukerak sortzea, eta izan dituenen, ez du asmatu. Hondarribiak sendo eutsi dio abantailari. Intentsitateari eta baloia lapurtzeko lehiari dagokionean, Union B baino gehiago izan da askotan. Azkenean, aski izan du lehen zatian lortutako errenta, derbiko hiru puntuak eskuratzeko. Bigarren garaipena du Hondarribiak segidan.