HONDARRIBIAKO NESKEK ZUMAIAKO BANDERA IRABAZI DUTE
ETE Ligako hirugarren jardunaldian garaipena eskuratu du berriz ere emakumeen traineruak
Atzo goizean, ekainak 26, Hondarribiako Arraun Elkarteko emakumeen traineruak Zumaiako bandera irabazi zuen, bertan ospatu zen estropadan. ETE Ligako hirugarren jardunaldia jokatu zuten eta hondarribitarrek denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuten. Gizonezkoen bigarren trainerua zazpigarren postuan sailkatu zen leku berean.
Asteburua borobildu zuten atzo Hondarribia Arraun Elkarteko neskek. Izan ere, larunbatean, Donibane Lohitzunen egindako estropadan laugarren postuan sailkatu ondoren, zapore gazi-gozoa kentzeko, garaipena eskuratu zuten atzo Zumaian. Bigarren txandan atera ziren hondarribitarrak, hirugarren kalean, eta 12:23,54ko denboran osatu zuten estropada. Honek lehenengo postua eskuratzea ahalbidetu zien, Hibaika eta etxeko Zumaia traineruen aurretik. Garaipen honekin gainera, ETE Ligako sailkapen orokorreko lehenengo postuan ere sailkatu da Hondarribia, Hibaika baino puntu bat gehiagorekin.
Gizonezkoak ere Zumaian lehiatu ziren atzo, ARC 1 Ligako bigrren jardunaldian, eta zazpigarren postuan amaitu zuten, 22:27,06 denborarekin. Irabazlea Arkote Seguros Bilbao izan zen (21:42,22), Sanpedrotarra (21:47,93) eta Pedreña (22:03,90) traineruen aurretik.
Hurrengo asteburuan, emakumeak Castro Urdialesen izango dira, ETE Ligako laugarren jardunaldia jokatzen. Arratsaldeko 16:30ean ospatuko da. Gizonezkoen bigarren trainerua ere Castro Urdialesen izango da, ARC 1 Ligako hirugarren jardunaldia lehiatzen. Hauek 17:00etan hasiko dute estropada. Azkenik, gizonezkoen lehen traineruak hasiera emango dio TKE Ligari Bilbon jokatuko den lehen estropadarekin. Larunbatean, uztailak 2, izango da 18:13ean.