HONDARRIBIAKO EMAKUMEEK EZ DUTE KONTXARAKO TXARTELIK LORTU

2024/08/30
HONDARRIBIAKO EMAKUMEEK EZ DUTE KONTXARAKO TXARTELIK LORTU

Ortzeguneko sailkapen estropadan bederatzigarren postua lortu zuten eta beraz, ez dute Kontxako Banderan parte hartzerik izanen

Kontxako Banderan parte hartzeko azken sailkapen estropada ospatu zen atzo, ortzeguna, Donostiako uretan. Emakumeen hogei traineru lehiatu ziren bertan eta zortzik lortu zuten heldu diren bi igandetan Kontxako Banderan egotea: Arraun Lagunak, Tolosaldea, Astillero, Chapela, Hibaika, Kaiku eta Orio.

Ilusioak zapuztu egin ziren atzo hondarribitarrentzat. Heldu diren bi igandetan Kontxako Bandera lehiatzea espero zuten, baina sailkapen estropadan ezin izan zuten horretarako txartelik lortu. Bederatzigarren postuan bukatu zuten estropada eta, hiru segundu baino guttiagogatik, ez zuten helburua lortu. Jardunaldia burumakur bukatu bazuten ere, denboraldiko zapore gozoarekin gelditu nahi dutela ere argi utzi nahi izan zuten. Denboraldia nahi bezala borobildu ez badute ere, Lekeitiko bandera lortu dute aurten eta Euskotren Ligako sailkapen orokorreko bostgarren postuan bukatu dute denboraldia, urteko helburu guztiak lortuz.

Kontxako Bandera lehen jardunaldia

Hondarribiako gizonek aldiz, lortu dute Kontxako Banderan parte hartzea. Igande honetan, irailaren lehenean, izanen da lehen jardunaldia eta Hondarribiarekin batera, Zierbena, Urdaibai, Orio, Cabo, Getaria eta Kaiku lehiatuko dira. Txanden zozketa ere egin da dagoeneko eta lehenean, Hondarribiak parte hartuko du, Cabo, Kaiku eta Zierbenarekin batera. Bigarren txandan aldiz, Orio, Getaria, Urdaibai eta Donostiarra ariko dira lehian. Mikel Orbanaños Hondarribiako entrenatzaileak adierazi duenez, “disfrutatzea” izanen da garrantzitsuena aurten ospatuko den 129. Kontxako Banderan.