Hondarribiak irabazi du Ohorezko Erregionaleko derbia

2019/01/08
Hondarribiak irabazi du Ohorezko Erregionaleko derbia

Balio handiko hiru puntu eskuratu ditu Hondarribiak, denboraldiko partida berezienean. Real Union Bren kontrako derbi bidasoarra irabazi du Hondartza futbol zelaian. Filial txuribeltza indartsu hasi den arren, berdeak izan dira nagusi lehen zatian zehar. Geldikako jokaldietan sortu dute arriskurik handiena. Korner batean sartu dute, hain zuzen ere, lehenengo gola, 20.minutua bete aurretik.

Bigarren zatian irundarren jokoak hobera egin du, eta neurketa orekatu egin da. Hondarribiak lehiari eta borrokarako gaitasunari esker eutsi dio. Behar izan duenean jokoa oztopatzen eta mantsotzen ere asmatu du. 83.minutuan, bigarren golarekin norgehiagoka erabaki du. Urrats handia eman du Hondarribiak denboraldiko laugarren garaipenarekin. Baina mailari eusteko lan handia egin beharko du oraindik.