HONDARRIBIAK BOIROKO BANDERA IRABAZI ZUEN
Larunbatean, Aresen, bigarren postua eskuratu zuten hondarribitarrek Urdaibaien atzetik
Pasa den asteburuan Galizian izan ziren Hondarribiako Arraun Elkarteko mutilak. Larunbatean Areseko Bandera jokatu zuten eta bigarren postuan sailkatu ziren, Urdaibaien atzetik eta Orioren aurretik. Igandean berriz, Boiron ospatu zen estropadan garaile izan ziren hondarribitarrak, Urdaibai eta Donostiarraren aurretik.
Kontxako Banderaren aurretik, Ama Guadalupekoa Galizian izan zen, Ares eta Boiron hain zuzen ere, bertako banderak jokatzen. Asteburu gogorra aurreikusten zen eta hala izan zen, nahiz eta arraunlariek lan ona egin zuten. Aresen hasi zuten asteburuko jarduna eta bertan, 19:53,28ko denborarekin estropada osatuz, bigarren postuan sailkatu ziren. Urdaibai izan zen garaile (19:44,52) eta Orio hirugarren (20:01,82).
Igandean berriz, Boiron garaipena eskuratu eta bertako Banderarekin itzuli ziren arraunlariak etxera. 19:20,72ko denbora eginez, lehen postuan amaitu zuten estropada Urdaibai (19:32,28) eta Donostiarraren (19:46,54) aurretik. Honekin Hondarribiak sailkapen orokorreko bigarren postua mantentzen du 192 punturekin guztira. Urdaibaiek lidergotzan jarraitzen du hiru puntu gehiagorekin (195) eta atzetik, hirugarren postuan, Donostiarra dago kokatuta 182 punturekin.
Ama Guadalupekoak Kontxako Bandera izanen du hurrengo erronka. Asteburuan hasiko da lehia baina aurretik, bihar abutztuak 31, sailkapen fasea jokatuko dute. 18:00etatik aurrera ospatuko da estropada erlojupeko moduan eta bertatik Kontxako Bandera jokatuko duten zazpi traineruak aterako dira.