HONDARRIBIA HIRUGARREN ETA BIGARREN KONTXAKO BANDERAKO LEHEN JARDUNALDIAN
Nesken traineruak hirugarren denborarik onena eskuratu zuen estropadan eta mutilena aldiz, bigarren postuan sailkatu zen
Kontxako Banderako lehen jardunaldia ongi joan zen Hondarribiako traineruentzat. Neskak 10:50,47ko denboran osatu zuten estropada eta hirugarren sailkatu ziren atzo goizean. Mutilak berriz, beraien txandako denborarik onena egin zuten, baina bigarren postuan bukatu zuten azkenik, 19:29,20ko denborarekin.
Nesken estropadan Orio nagusitu zen, 10:37,52ko denbora eginez. Bigarren postuan, Donostia Arraun Lagunak sailkatu zen, bi segundu beranduago, eta 12 segundu geroago, Hondarribiako arraunlariak helmugaratu ziren, sailkapeneko hirugarren postua lortuz. Bigarren jardunaldirako ohorezko txandan sartu dira hondarribitarrak eta datorren igandean jokatuko dute beraz, Kontxako Bandera.
Mikel Orbañanosek entrenatzen dituen mutilek, aldiz, beraien txandako denborarik onena lortu zuten, 19:29,20koa hain zuzen ere. Hala ere, bigarren txandan Hibaikak osatu zuen estropada zazpi segundu gutxiagoan eta beraz, Bermeoko trainerua izan zen Kontxako Banderako lehen jardunaldiko garailea. Hondarribiak egindako ia denbora berean helmugaratu zen Donostiarra, hirugarren postuan kokatuz.
Datorren igandean, irailak 11, Kontxako Banderako bigarren eta azken jardunaldia ospatuko da. 11etatik aitzinera, emakumeak izanen dira lehian eta 12etatik aurrera berriz, mutilek jokatuko dute Donostian banatuko den saria.