Hondarribia ez da aurkarien maila berean egon

2017/09/11
Hondarribia ez da aurkarien maila berean egon

Uste baino maila apalagoa eman du Hondarribia Arraun Elkarteak Kontxako Banderako bigarren jardunaldian. Laugarren tokian amaitu du, bandera eskuratzeko lehiatik oso urrun. Urdaibairekiko lau segundoko desabantaila zekarren Ama Guadalupekoak lehen jardunalditik. Bigarrenean, eragozpen handiei aurre egin behar izan die. Alde batetik, eta arerioek bezalaxe, itsaso harroari eta tamaina handiko olatuei. Bestetik, lehen kalea, inork nahi ez zuena egokitu zaio.

Lehen metroetan besterik ez diete eutsi berdeek Ohorezko Txandako onenen erritmoari. Ziabogara heltzerako, lehiatik kanpo zeuden jada. Urdaibairen eta Orioren artekoa izan da bandera eskuratzeko norgehiagoka, eta horiek irabazi dute azkenean, urdinekiko hamar segundoko desabantaila handiari buelta eman eta gero. Oriok minutu eta hogei segundo atera dizkio azkenean Hondarribiari. Mikel Orbañanosen taldeak ligako azken asteburuan jarriko ditu orain  itxaropenak. Bi estropada geratzen dira, eta hiru puntuko desabantaila du Hondarribiak Urdaibairekiko.