HONDARRIBIA ETE LIGAKO TXAPELDUN
Igandean Erandion denboraldiko azken jardunaldia irabazi ondoren, Hondarribia ETE Ligako txapeldun bilakatu da
Aurreko igandean, abuztuak 28, bukaera eman zioten Hondarribiako arraunlariek ETE Ligari eta garaipen batekin borobiltzeko aukera izan zuten gainera. Erandion jokatu zuten hondarribitarrek denboraldiko azken estropada eta bertako bandera irabazita, ETE Ligako txapeldun bilakatu dira aurten.
Hondarribia Arraun Elkarteko emakumeak denboraldi bikaina egin dute aurten ETE Ligan eta honi bukaera borobila emateko aukera ere izan zuten pasa den igandean. Izan ere, Erandioko Bandera irabazi zuten aurtengo azken jardunaldian. Garaipen honekin, eta dagoeneko Euskotren Ligara igotzeko txartelarekin poltsikoan, arraunlariak ETE Ligako garaileak ere bilakatu dira.
Igandean bertan egin zieten neskei harrera Kofradian eta atzo, astelehena, Hondarribiako Udalak egin zien omenaldia. Merezitako txaloaldiak jasota, Hondarribiako emakumeak Kontxako Banderari begira jarriko dira orain. Asteburuan hasiko dira, baina ortzegunean jokatuko dute sailkapen fasea. 18:00etatik aurrera ospatuko da estropada eta bandera jokatuko duten zazpi traineruen artean egotea espero du Estibaliz Gezala ordezkariak: “Normaltasunean, barruan egon beharko genuke, baina egun oso berezia izaten da. Tramite zail bat izaten da. Hala ere, gure arraunkera ateratzen badugu eta burua bertan edukitzen badugu, barruan egon beharko genuke”.